Udazkenak hego haizea ekarri du, eta hego haizeak txapelketa. Agian, hego haizeak ekarriko zuen udazkena, eta udazkenak txapelketa, edo txapelketak udazkena eta udazkenak hego haizea. Ez dakit zein den ordena, baina lau urtero hiru txapelketa jokatzen ditugu Bizkaiko bertsolariok, eta udazkenean ohikoa bihurtu zaigu lehia. Aurten, urtebeteko atzerapenarekin iritsiko dira puntuazioak gure bizitzetara, eta horrek arraro egiten du guztia. Gainera, bizi izan dugun urteak ez du gure barrua orekatzeko aukerarik utzi. Emozioak airean ditugula ekingo diogu lehiari; bueno, batzuek honezkero ekin diote.
Txapelketak gauza ederrak ditu. Badira han bakarrik izaten ditugun sentsazioak. Eta, hala ere, gogorra da. Noiz jango duzun zain dagoen elefantearen modukoa da: zure ondoan joaten da zoazen leku guztietara, behingoz kosk egiten diozun arte. Kontua da zuk ezin duzula guztiz erabaki noiz sartuko dizkiozun hortzak: egutegia Bertsozale Elkarteak finkatzen du, eta tokatzen zaizun egunera arte hortxe eraman behar duzu elefantea leku guztietara.
Bertsolariak, bere bakardadean, buelta asko ematen dizkio txapelketari: nahikoa prestatzen ari ote den, errimak zergatik ez zaizkion behar dituenean etortzen, bakarkakoan zein doinu erabiliko duen… horixe da gure udazkenetako elefantea. Gauden lekuan egotea zaildu egiten digun ardura izaten da askotan: burua beti daukagu hemen eta orain baino beste nonbait gehiago. Eta nonbait gehiago horrek hiru hilabete bakarrik irauten duen arren, loan eragiten du, eta gure harremanetan ere bai.
Gero, ordea, gauzak ondo ateratzen bazaizkizu, berdindu ezina da txapelketak uzten dizun zaporea. Eta, ohartzen zarenerako, elefantea jan egin duzu. Finalaren osteko hiru edo lau egun lausoak pasatzen direnean, Gabonetako zurrunbiloak harrapatzen gaitu, eta kito.