Uretan, kirolez blai

Eguzki galdatan1 freskura gose. Udako beroari aurre egiteko,+gerizpea bilatu ohi dugu, edota uretan dzanga egin. Bainujantzia soinean ez duenak, janztear izango du, uretan murgiltzeko prest. Urak freskura ez ezik, aukera zabala ere eskaintzen baitu: igeriketa, surfa, piraguismoa, bela... Jarduera ugari egin daitezke uretan, are gehiago uda partean. Inguruko hondartza, ibai eta aintzirei edota urtegiei erreparatu besterik ez dago. Bainu lasaia hartu nahiago duenik izango da, jakina, baina uretako jardueren eskaintza oparoak jende askoren arreta erakartzen du. Kirolez ere blaitu baitaiteke uhin artean. Eñaut Mitxelena, Esti lanao, M. Egimendi.

surf

“Hendaiako hondartza ona da, bai surfean egiten ikasteko bai surfean lasai egiteko”

Baionako Bernat Etxepare Lizeoko langilea, musikaria eta Hendaiako Txingudi Surf Eskolako kide eta irakaslea da Haitz Ostolaza (Urruña, 1975).

Eskola 2005ean zabaldu zuen, eta 2007an hasi zen lanean Hendaiako Herriko Etxearen baimenarekin (Hendaian, guztira, 10 dira eskola baimenduak). Hendaian ematen dituzte ikastaroak, baina eskola Hendaian eta Donibane Lohizunen dago. Hendaian, eskolak euskarazko izena du; Donibane Lohizunen, berriz, Quick Silver etxearekin duten akordioa tarteko, École de surf Txingudi, “bezero gehienak paristarrak ditugulako”. Hain justu, bezero gehienak Donibane Lohizunen lortzen dituzte, baina ikastaroak Hendaian egiten dituzte beti.
Ostolazaren hitzetan, Hendaiako hondartza “bikaina” da surfean egiteko. “Lapurdin, behintzat, surfean lasai aritzeko hondartzarik onena dela esango nuke: laua da, ez dago arrokarik, hondarra fina da, eta oso urrutitik hausten dira uhinak, beraz, aparrak urrutitik etortzen dira”. Horregatik, hondartza ona da “bai ikasteko bai surfean lasai egiteko. Aproposa da ikasleari mementoan bertan laguntzeko edo harekin batera irrist egiteko edo lerratzeko. Oso erosoa da kirol honetarako, haurrentzat nahiz helduentzat”.
Neguan salbu, gainerako urtaroetan eskaintzen dituzte ikastaroak: “Pazko astetik, apirileko oporretatik, Omiasaindura arte”. Bi lagun aritzen dira eskolak ematen, baina beste bat ere hartu ohi dute, “arauak dioelako hiru begirale egon daitezkeela aldi berean uretan, eskola bakoitzean. Monitore bakoitzak 8 ikasle eduki ditzake aldi berean. Beraz, 24 ikasle izaten dira aldi berean”. Ordu eta erdiko saioak egiten dituzte talde bakoitzarekin. Egun bateko ikastaroa egiteko aukera ematen dute, edota hiru edo bost eskolakoa. “Gehiago egin nahi badira, egin daitezke”.
Ikastaroei dagokienez, patxadaz aritzen dira. “Lehen egunean, alderdi teknikoa landu baino lehen, naturak zer ematen digun eta nola kudeatu aztertzen dugu: lanjerak eta. Uretan sartzen gara, noski, taularik gabe, hori guztia kudeatzeko, eta body surfa egiten dugu. Helburua gorputzarekin lerratzea da. Ondoren, hondarretan taula erabiltzen ikasten hasita, uretan taularekin gorputz egiten saiatzen gara, bai eta etzanik lerratzen ere. Gero hasten gara nola zutitu ikasten. Teknikoki nola den, hondarretan egiten ditugu poliki-poliki egin beharreko keinuak, eta gero indibidualizatzen ditugu saioak. Hor gertatzen da bilakaera, pixkanaka-pixkanaka”.
Ikasteko orduan, “gauzak oso-oso lasai” egin behar direla nabarmendu du Ostolazak. “Horixe da sekretua” dio, “eta gauzak azkar egin nahi ez izatea. Ura ez da gure berezko elementua; arrainek ez dute eskiatzen, ezta?”. Ostolazaren aburuz, “surfean dena da zaila, ura ez delako gure elementua, esan bezala. Hori azkar asko ulertu behar da”.
Gaztetxoak izaten dira ikasle gehienak, “normalean”. Hamar urtetik gorakoak hartzen dituzte. Nerabe eta helduak ere izaten dituzte, baina udan gazteak dira ugarienak. Helduekin konparatuta, “haurrekin aritzea zailagoa da: segurtasuna kudeatu behar duzu, gehienbat”. Normalean, “oporretan dagoen jendea” izaten da. “Udatik kanpo, gehiago izaten dugu Euskal Herriko jendea. Hau da, turismoa saihesten duena. Eskolak interesgarriagoak izaten dira, surfa zinez ikasi nahi dutelako".
Txingudiko Surf Eskola da Lapurdiko kostaldean surf ikastaroak euskaraz eskaintzen dituzten bakanetakoa. “Hiru gara: Uhaina, Angelun; Lehena Surf Eskola, Hendaian; eta gurea. Euskarazko eskola jaso nahi izanez gero, horietara jo behar da”. Ostolazak sorreratik izan zuen eskolak euskaraz eskaintzeko ardura: “Niretzat, euskaraz ere jardungo zuen surf eskola zen egin beharrekoa, eta ez hiruzpalau hitz folklorikoki botata turistei zerbait saltzeko eskola”.
Nolanahi ere, Ostolazaren ikasle gehienak atzerritarrak dira, frantses hiztunak, gehienbat, udan Ipar Euskal Herrira turismoa egitera etortzen direnak. “Euskaldunak, maluruski, gutxi”. Tarteka eskolak euskaraz ematen dituzte, ikastoletako ikasleekin eta beste. “Hendaiako AEK-ko Gau Eskolako ikasleekin egin nuen eskola bat. Denak gurasoak ziren, eta eskolarik onenak izan ziren, benetan. Kasu horiek dira benetan kontatzekoak, baina oso gutxi dira, tamalez”.

kayak

“Haizea kontra duzunean, zailagoa da buelta ematea”

Alex Ule (Elorrio, 1978) Inguru Abentura enpresako koordinatzaile orokorra eta erakunde eta proiektu berrien arduraduna da. Udako denboraldian, bete-betean sartuta daude abenturaren eremuan, eta dagoeneko eman diote hasiera ur jarduerarik gogokoenari: kayak edo piraguismoa.

Inguru Abentura guneak Albeiz herrian (Araba) du egoitza, baina Euskal Herri osoan zehar eskaintzen ditu kirol jarduerak. 2003. urtean sortu zuten bi lagunek, eta, egun, 10-12 pertsonako lantaldea osatzen dute. Diziplina anitzeko adituak dira, baita erabilera anitzeko langileak ere: “Jarduera oso ezberdinak egiten ditugu, eta, batzuetan, denetik egitea tokatzen zaigu; dena den, oro har, profil tekniko jakin batzuk daude jarduera zehatz batzuk egiteko”. Eremu honek hainbat naturagunetan murgiltzeko aukera ematen du, abentura kirolen bidez: “Gure hiru zutabe garrantzitsuenak espeleologia, arroila jaitsiera eta zubi saltoa dira, baina bestelako jarduerak ere egin ditugu”. Horien artean, daude eskalada eta via ferrata delakoa. 
Euskal Herriko barrualdean egon arren, Arabak baditu uretan pulunpatzeko txoko aproposak ere. Ez dago itsasorik, baina hondartzak dituzten parkeak topa ditzakegu. Horren adibide Uribarri Ganboako urtegiko Landa edo Garaioko parke probintzialak dira. Urtegiaren ertzetan egonik, uda partean lagun talde asko gerturatzen dira ur jarduerez gozatzeko asmoz. Jarduera horien artean dago, esate baterako, kayaka. Garai batean arrantza eta ehizarako erabiltzen zen piragua mota bat da kayaka, eta lehen pertsona bakar batentzat izaten zuen lekua. Orain, ordea, kirolerako erabiltzen da, eta bat, bi edo lau lagunentzako tokia izan dezake. Inguru Abenturako lagunak lehen aipatu inguruetan aritzen dira kayakarekin: “Eguraldi ona egiten badu, ekainetik irailera arte alokairuko postu bat jartzen dugu Landako hondartzan, material guztia bertan dugula”. Alegia, piraguak, arraunak, txalekoak… eguna urez inguratuta emateko beharrezko guztia.
Sentsazio ezberdina eskaintzen du kayakak, lasaiagoa. Piraguan eseri, arraunari eragin, eta natur inguruneak beste ikuspuntu batetik ezagutzeko aukera ematen du kirol honek. Landako hondartzako ura, gainera, nahiko barea izaten da, goiz partean batez ere. Jendeak, baina, denborarik eza, lanbidea edo bestelako arrazoiak direla medio, arratsaldez joateko joera dauka. Une horretan, ipar haizea harrotu eta Landako lasaitasuna bukatu egiten da. Uleren ustez, piraguan ibiltzeko ordu txarrenak dira arratsaldekoak. Hala, “kayaka hartzen duzunean, haizea aldeko izaten duzu, eta primeran ibiltzen zara; bueltan, aldiz, haizea kontra duzu, eta zailagoa da bidea”. Hobe goizez joatea, beraz, ahal izanez gero.
Uribarri Ganboako urtegiak, gainera, kontatuak izateko zain dauden azalpen eta istorio ugari gordetzen ditu, piragua batean igota ere entzuteko aproposak: fauna eta florari buruzkoak, ur azpian galdu ziren herrien gainekoak edo bestelako pasadizoak. Horiek guztiak ezagutzeko, ibilbide gidatua egin daiteke. Esfortzu fisikoa egiteaz gain, kontu horien berri jasoko du animatzen denak, eta txangoak, horrela, kalitate handiagoa izango du. Finean, “kirola egiteaz gain, erabiltzaileak zerbait entretenigarria egiten eta ikasten du”. Normalean, ibilbideak ez du ordubete baino gehiago irauten, Uribarri Ganboan eskaintzen duten ekintzaren kasuan, behintzat. “Jendeak, oro har, apur bat probatu eta buelta txiki bat eman nahi izaten du” dio Ulek. Asmoa edozein izanda ere, egunerokotasuna ahazteko, deskonektatzeko eta naturarekin bat egiteko parada paregabea eskaintzen du kayakak.
Udako denboraldia kudeatzen ari da orain Ule. Azken bi urteotan eskaera murriztu egin bada ere, sasoi honetan oso lanpetuta ibiltzen dira:  “Urteko garairik onena eta txarrena da, aldi berean, lan guztia kudeatzea zaila delako”. Hala ere, erreserbak nahiko ondo doaz, eta oso aurreikuspen ona dute, baina jendeak gero eta denbora gutxiagoz egiten ditu planak. Horregatik, “askotan, uztailaren erdira arte dena beteta izaten dugu, eta hortik aurrera dena hutsik; halere, jakin badakigu pixkanaka bete egingo dela".

urpekaritza

“Lehen, otarrainak ikustera ateratzen ginen, baina orain gutxiago dago”

Inaxio San Miguel (Getaria, 1967) mutikotan hasi zen herriko moilan urperatzen. Arraina deskargatzean, arrantzaleei atunen bat edo beste erortzen zitzaien uretara, eta han egoten ziren prest sei-zazpi lagun, hegats, betaurreko eta guzti, uretan murgildu eta arraina jasotzeko.

Orduan sortu zitzaion gerora utzia izan zuen zaletasuna, harik eta duela 20 urte Ksub Urpeko Zentroa ireki zuen arte. Aisialdiko urpekaritza eta profesionala eskaintzen ditu zentroak: ur azpiko lanak, prestakuntza profesionala, ikastaroak eta irteerak. Telebistan-eta agertzen diren irudi zoragarriek erakarrita hurbiltzen ei da jendea urpekaritza agiria lortzeko ikastarora. Badutenak, berriz, irteerak egiteko joaten dira: “Eguzkia denean agertzen da jende gehien, baina ez da egokiena, fitoplankton askorekin ura berde jarri eta okerrago ikusten baita hondoa. Egun gris eta ilunak hobeak dira” dio San Miguelek.
Ikastera joaten denari ondo azaltzen zaio, aurretik, zer egingo duen: “Jendea urduri etortzen denez, konfiantza eman behar zaio, profesional onen eskuetan dagoela jakinarazi, ariketek zentzua dutela erakutsi... Ikastaro teknikoa da, berez, baina psikologia da gakoa”. Hori dela eta, oso poliki sartzen dira gero eta ur sakonagoetan, “lehen egunean, hondartzan ibiltzen gara”. Oso gutxitan gertatu zaio norbaitek ikastaroa hasieran uztea: “Askotan esaten diet ur azpian disfrutatzen eta yoga egiten ikasiko dugula, baina hori ez da lehen egunean lortzen, gauza berri asko pilatzen direlako egun horretan”. Batez beste, sei egunean (lau bat ordu egunean) lortzen du ikasleak lehenengo mailako agiri ofiziala, 18-20 metroko sakoneran ibiltzekoa. Oro har, balorazioa oso ona izaten omen da amaieran, baina “jarraitzea garrantzitsua da, gaitasuna galdu egiten delako, oinarri onak jarri arren”.
San Miguelen ustez, “agian, Euskal Herri osoan ez da egongo Getaria bezain leku aproposik ikasteko, toki babesean dagoelako”. Hala, leku askotako irakasleak etortzen dira ikasleekin (Errioxa, Madril, Valladolid, Gasteiz...). Garai batean, gizonezkoak ibiltzen ziren gehienbat, baina gero eta emakume gehiago urperatzen omen da orain: “Duela 20 urte, 20 laguneko talde batean neska bakarra egongo zen; orain, erraza da erdiak izatea”.
Irteeretarako, jendea ordu erdi lehenago batzen da, prestatu eta txangoari buruzko azalpenak entzuteko. Behin txalupan aterata, ordu pare bateko irteera egiten da. Inguruko herrietako bezeroak izaten dira batez ere, edo Getaria aldean oporretan dabiltzanak: “Ataloak ikusten dira, eta aingirak, lore mota piloa, hainbat koloretako arrain txiki eta ornogabe espezie asko... Otarrainak ikustera ateratzen ginen lehen, askotan; apustuak egiten genituen ea nork ikusi gehiago, baina orain gutxiago dago. Marrazo txiki batzuk ere badaude, asko ikusi ez arren”. Urpekari batzuk argazkiak egitera joaten dira, beste batzuk begiratzera baino ez... Lagun asko egiteaz gain, gauza zoragarriak ikusteko aukera dago, nahiz eta ez lortu beti: “Hau ez da Donostiako Aquariuma”. San Miguelek, halere, oso argi dauka zer duen ona urpekaritzak: “Urak masajea ematen dizu, eta ariketa fisikoa egiten da; halere, erlaxatzeko balio du, batez ere. Baditut astean behin etortzen diren bezeroak, ur azpiko ordubete horren beharra dutenak deskonektatzeko”.
Gure itsasoaren hondoa “oso ederra” da, San Miguelen hitzetan, baina bertako bizitza, gero eta okerragoa: “Duela bi hilabete, azken 20 urteotan ez bezalako plastiko piloa ikusi nuen, izugarria! Ipar haizea sartu, eta itsasoko plastiko guztia ekarri zuen kostaldera. Zortzi metroko txalupa da gurea; bada, inguru guztia geneukan plastikoz beteta. Txalupara igotzerakoan, plastikoak gainetik kenduz atera ginen uretatik. Ez dut horrelako txerrikeriarik ikusi 20 urtean! Kristoren bekatua da! Ez dugu heziketarik, eta administrazioari ere exijitu egin behar zaio. Kontzientziazioa beharrezkoa da, baina isunak ere jarri behar dira, zorrotz jokatu behar da. Pentsatzen dugu itsasoa alfonbra bat dela, altxatu ezean ez dela ezer ikusten, baina zikinkeria hor dago. Oso ondo dago boluntarioek hondakinak jasotzea eta argazkiak ateratzea, baina zertarako? Datorren urtean berriz egiteko? Ez da nahikoa, arazoa ezin da boluntarioen bizkar utzi. Akatsa dagoen tokian bilatu behar da, hasieratik ekin”.