Zoroen kulunkan

ship

2012ko abuztuan, ezohiko ontzia porturatu zen Pasaian: Azart, Zoroen Itsasontzia. Kolore biziz margotua, itsasontziak zama arrunt ezohikoa darama portuz portu. Doazen lekura doazela, karga bera utzi ohi du Azartek: antzerkia, umorea, fartsa, kritika, musika, festa, elkarrekintza... Finean, ikuskizuna, herritarrekin eta artistekin hartu-emanean oinarritua. Eta, beti ere, begirada arras berezikoa. Inauterien antzinako tradizioari jarraikiz, mundua hankaz gora bistaratzen baita Zoroen Itsasontzian. Eñaut Mitxelena. Argazkiak: Argazkipress.

 

 

Europako Iparraldeko herrialdeetan Erdi Arotik datorren tradizioa du oinarri eta inspirazio Ship of Fools edo Zoroen Itsasontziak, Azarten kapitain August Dirkek (Leiden, Herbehereak, 1961) azaldu duenez. Oso ohikoa ez ezik, Europako Iparraldeko herrialde askotako inauterien “enblema” ere bada Zoroen Itsasontzia. Erdi Arotik egundaino, inauterietako desfileetan karroza tipikoa da eroen itsasontzia irudikatzen duena. “Herbehereetan, urtero halako karroza eraikitzeaz arduratzen ziren gremioak ere izaten ziren. Zoroen itsasontzi gurpilduna izaten zen guztien artean eroena eta herritarren artean arrakastatsuena” dio. Tradizio luzeko ontzia, beraz. Hain juxtu, Sebastian Brandt idazle alsaziarrak 1494an izen bereko (Das Narrenschiff, hots, Zoroen Itsasontzia) liburua idatzi zuen, eta Jeronimo Bosch margolariak ere aski ezaguna den koadroa margotu zuen gai bera ardatz hartuta. Tradizio horri jarraipena ematen dio 2012tik Pasaian den ontziak duela 25 urte hasitako itsas bidaia eroarekin.
Duela zortzi urtetik itsasontziko kide den Bea Insa artistak (Castelló, Herrialde Katalanak, 1974) azaldu bezala, “inauteriak islatu eta omentzen ditu ontziak. Mundua hankaz gora ipintzen da inauterietan, eta ohiko rolak irauli egiten dira: bufoia errege da, aberatsa pobre, gizona emakume... Kode grotesko eta komiko hori abiapuntu, inauterien kontzeptu hori bere egin eta itsasontzi-antzoki bilakatzen da Zoroen Itsasontzia”. Haatik, kroskodun antzokia baino, laborategia da Azart: “Ur gaineko laborategi artistikoa; baita bizitza eskola ere”.
Hala, zoroen itsasontzia ez da emanaldiak eskaintzera mugatzen. Aldiro-aldiro, izan bertakoak, izan beste herrialde batzuetatik etorriak, artista gehiago jasotzen ditu ontziak. Egonaldiotan, proiektu gehiago garatzeko eta eskaintzeko aukera izaten dute artistek. Aurki, esaterako, “ontziko kamaroteak eskainiko dizkiegu artistei, antzezlan txikiak presta ditzaten eta jendeari kamaroteetan bertan eskain diezazkioten”. Artistak, nonahikoak, Dirkek zehaztu duenez: “Zoroen Itsasontzia etengabeko bidaian dabilenez, leku guztietako jendea izaten da”. Hori bai, tokian tokikoari erreparatzen diote. “Herri bakoitzaren idiosinkrasiara egokitzen saiatzen gara” dio Dirkek, lan ugaritan hizkuntza asko nahasten dituztela nabarmenduta. Euskara barne, jakina.
Negua eta uda
Urte sasoiak badu bere garrantzia Zoroen Itsasontzian. Izan ere, Insak zehaztu duenez, bi alditan bereizten da ontziaren jarduna: “Uda bidaia denboraldia da. Portuz portu ibili ohi gara, inauteri moldeetara ekarritako gure lanak antzezten. Neguan, aldiz, jendea jasotzeko leku bilakatzen da ontzia, batez ere. Bertakoek, kanpokoek edota guk geuk eskaintzen ditugu emanaldiak”.
Neguan, emanaldiak ontzi barnean eskaintzen dituzte, 55 lagun jaso ditzakeen ontziko gela nagusian. Udan, aldiz, itsasontziko kubierta eta zubia bilakatzen dira oholtza nagusi, eta moila, berriz, ikustoki: portuan muntaturiko harmailei esker, 200dik gora ikusleren aurrean egiten dituzte emanaldiak. Bestelako berezitasun bat ere badute udako emanaldiek: sarrerak pisura saltzen dituzte. Ikusleak banan-banan pisatu eta kiloko 13 zentimo ordainarazten diete, “gehienez ere 77 kilora arte. 111 kilotik gorakoak, aldiz, debalde sartzen dira, lodi-lodiak alaiagoak direla konturatu baikara”.
Egun, oraindik ere negu sasoian, ontzi barnean egiten dituzte emanaldiak astebururo. Era berean, bisita gidatuak ere antolatzen dituzte, haur zein helduentzat. Aurrerantzean ere izango da zer ikusia, puska batean. Izan ere, Donostia 2016 Kultur Hiriburutzaren parte da egitasmoa eta, ondorioz, “ondo bidean”, 2016ra arte Pasaian izango dira. Dena dela, ontzia ez da Pasaian geldirik egongo, zenbait bidaia eginen baitituzte. Hasteko, uda honetan Hendaiara eramanen dute ontzia, konponketa batzuk egin eta berriz pintatzeko, “oso zaharra baita”. Uztailean, halaber, Zoroen Jaialdia egingo dute Pasaian bertan, baita arestian aipatu mikroantzerki saioak eskaini ere. 2015ean, Euskal Herriko hainbat herritan barrena ibiliko dira, portuz portu, Aturritik Ibaizabalera, euren eskaintzarekin. 2016ko udaberrian, berriz, “Herbehereetara joko dugu, Bosch margolariaren heriotzaren bosgarren mendeurrenean parte hartzeko. Baina udazkenean itzuliko gara Euskal Herrira, ikuskizun berri batekin agur esatera”.
2016an, halaber, ospakizunerako beste zio bat ere izango dute, 100 urte beteko baititu itsasontziak. Hain juxtu, ospakizun urtea aitzakia, Australiara joateko asmoa dute. Bizpahiru urteko bidaia izango da eta, behin Australiara ailegatuta, kontinentea alderik alde zeharkatuko dute, ontziari gurpilak ipinita. Helburua betez gero, bide berriak zabalduko zaizkio Azarti. Izan ere, hogeitabost urtean “gutxi gorabehera 20 herrialde eta 200 bat hiritan izan bagara ere, inoiz ez gara Europatik aldendu”. Urrutien, oraingoz, Reykjaviken izan dira. Nolanahi ere, urrutiago ala gertuago joan, etenik ez du “jai giroko prozesio honek”, zoroa nork bizi duen zalantzan jartzen duen etengabeko bidaia honek.

 

 

Arrantzatik antzerkira

Zoroen Itsasontzia bihurtu aurretik, erabilera ugari izan zituen itsasontziak. 1916an eraiki zuten Ipar itsasoan arrantzarako baliatzen ziren ohiko belaontzien ereduari jarraikiz. Halere, lehenengo bi urteetan, I. Mundu Gerra tarteko, zamaontzi gisa baliatu zuten. 1929an, belaontzi izateari utzi zion, motorra paratu ziotelako. II. Mundu Gerra lehertu zenean, berriro ere gerra lanetarako erabili zuten: nazien eskuetan, ontziari armak gehitu eta patruilari erabili zuten gatazkak iraun bitartean. Horren ostean,hobetuta eta handituta, berriro ere arrantza izan zuen jardun nagusi 70eko hamarraldira bitartean. Geroago, Norvegiatik eta Islandiatik Herbehereetara sardinzarrak eramateko baliatu zuten, eta, Dirkek erosi baino lehen, aisialdirako arrantzontzi izan zen zenbait urtez. Dirkek 1989an erosi eta “opera-ontzi moduan hasi genuen gure jarduna, baina porrot egin zuen egitasmoak. Proiektuari Zoroen Itsasontzi bezala berrekin genion, eroak merkeagoak eta irekiagoak direlako” azaldu du Dirkek berak. Dagoeneko hogeitabost urte daramatza gizonak itsasontzian eta, urteotan itsasoan arazorik izan ez duten arren, neurri batean “marinel igandezaleak” direla aitortu du: “Ontzia erosi nuenean, ezertxo ere ez nekien ez nabigazioaz, ez antzerkiaz”. Izan ere, Errusiar Filologia eta Literatura ikasketak zituen eginak eta arlo horretan egiten zuen lan. Hura utzita ekin zion itsas eta antzerki abenturari, eta, ordutik, “dezente ikasi dut”. Halere, itsasoratu behar dutenean, “ardura handiz jokatzen dugu: igandezaleak gara, baina arduratsuak”. Gainera, itsas bidaietarako, eskifaia handitzen dute, itsasontzia gobernatzeko dozena bat lagun behar izaten delako derrigor. Halakoetan, marinel profesional pare bat-edo hartu ohi dute, “zoroei laguntzeko”.