Zeharkaldia sami herrian barna

laponia

Sergio Gonzalez, Haitz Karakuel, Gontzal Martinez de la Heredia eta Lander Alvarez bizkaitarrak sami herrian izan ziren pasa den otsailean, zehazki Finlandiaren kontrolpean dagoen zatian. Batzuk egonak ziren lehendik Suediaren mendeko sami lurraldeetan, baina orain Finlandiakoa ezagutzea zuten helburu, askoz ere paisaia lauagoa. Ipar eskiz egin zuten 13 etapa eta 200 kilometroko zeharkaldia, Njuorggan herritik abiatuta. M. Egimendi.

 

Bidaia Loiuko aireportuan hasi zuten; Helsinkira iritsi eta han beste hegazkin bat hartu zuten Avvil izeneko herriraino, eta autobusez heldu ziren Njuorgganera. Handik abiatu ziren, motxila bizkarrean eta elurretako lera bana atzetik arrastaka zutela, janaria, su-tokia, lo-zakua, kanpadenda eta abar eramateko. Etapa laburrena sei-zazpi kilometrokoa izan zuten; luzeena, 27 ingurukoa.
Natura betean ibili ziren, kilometroak joan eta kilometroak etorri, ia inor ikusi gabe. Egun batean zeharkaldi bera kontrako noranzkoan eta dokumental bat osatuz egiten ari zen bikote frantses batekin egin zuten topo; beste batean, arrantzan zebilen bertako batekin; eta txakur-lerez zebilen talde txekiar bat ere aurkitu zuten. Ibilbidearen erdi aldean dagoen Ce'vetjau'rr herriaren inguruan, berriz, turistak ikusi zituzten elur-motorrez gozatzen. Gainontzean, nahiko giro bakartian igaro omen zituzten egunak.
Atseden hartu eta lo egiteko, aterpe sarea erabili zuten: “Egurrez eta gasez hornituta daude, zabalik, erabili nahi dituenaren esku”. Neguan oso jende gutxi ibiltzen da eta hutsik egon ohi dira. Egur berogailua eta ohatzeak dituzte, baina ez dago ez ur korronterik, ez argindarrik. Halere, ondo moldatu ziren janaria prestatzeko: “Oinarria, arroza eta pasta afaritan. Gainontzean, atsedenalditxoetan, fruitu lehorrak, fruta deshidratatua, tea, txokolatea, salda...”. Aterpe bakoitzaren ondoan egon ohi da egurtegia ere, udan pilatutako egurrez beteta; eta ondoko beste eraikin batean, komunak.
Bestalde, ez ei dago galtzeko arrisku handiegirik: “Bideak nahiko ondo markatuta daude, eskiz ibiltzekoak zein elur-motorretarakoak, eta mapetan ere ondo ageri dira. Nahikoa izaten da bideko posteei jarraitzea aterpera iristeko”. Halere, iparrorratza eta mapa eraman zituzten, eta “badaezpada GPS-a ere bai”. Gainera, larrialdiren bat gertatuz gero, aterpeetan irrati telefonoa egoten da laguntza eskatu ahal izateko, baina ondo prestatuta joan ziren: “Sakelakoek estaldura herrietatik hurbil baino ez dutenez, satelite balizak eraman genituen deiak egin ahal izateko”. Zorionez, ez zuten erabili beharrik izan.
Animaliek ere ez dute arrisku handirik eragiten: “Elur-oreinak daude, baina jada ez dira basatiak; horiek XIX. mendean desagertu ziren, ehiztariek akabatuta. Oraingoak samien etxe-abereak dira, eta mendian bizi dira, taldeka. Neguan, samiak herritik igotzen dira motor-elurrez, ondo dauden begiratzera. Eper zuri batzuk ere ikusi genituen, elurretan bereizten oso zailak izan arren. Eta egun batean jatun bat ikusi genuela uste dugu, azeriaren tamainako ugaztun haragijalea, baina ez gaude ziur”.
Aldaketa klimatikoa
Arriskurik handiena, hortaz, tenperatura da, neguan batez beste -20 eta -30 gradu artekoa izaten baita; inoiz -40koa ere bai. Dena den, aurtengo tenperaturak askoz epelagoak izan dira: “Heldu ginenean, -5 gradu zeuden, eta hurrengo egunetan apurka-apurka igotzen joan zen, 0ra iritsi arte”. Zeharkaldiaren bigarren zatiko egun batzuetan, 1 edo 2 gradu positibo izan zituzten, eta egun batean 5era heldu eta euria egin zien: “Ez genuen hori inondik inora espero eta arazoa sortu zitzaigun, Aanaarjävri lakua zeharkatu behar genuelako. Izoztuta dago, eta izotz geruza metro erdikoa denez, ez dago urtzeko arriskurik; hala ere, gaineko elurra urtu eta berriro izoztu zen. Hortaz, ezin izan genituen eskiak jantzi, ez dutelako balio izotz gainean ibiltzeko”. Lakuan zehar, beraz, erraketaz ibili behar izan zuten bi egunez. Zeharkaldiaren zati handi bat egiten da aintziratik, hain zuzen ere neguan lakuak direlako oinez eta elur-motorrez egiteko biderik onenak: “Izotz geruza oso gogorra da eta lurra lau-laua. Elur-motorrek nahiko abiadura handia har dezakete inongo arriskurik gabe”. Tenperatura epelen erruz, batzuetan “Pirinioetan bezala” sentitu omen ziren. Bertakoen esanetan, ezohiko eguraldia izan  zen: “Ia laurogei urte izango zituen ostalari batek esan zigun berak ez zuela inoiz euririk ikusi otsailean”.
Haatik, momentuz, behintzat, ez dirudi samiek kezka handiegia dutenik aldaketa klimatikoa dela eta, nolabait onuragarritzat jotzen baitute: “Azken batean, muturreko tenperaturak dituzte; beraz, neguan horrenbesteko hotzik egiten ez badu, bizimodu erosoagoa izaten dute, gehienek, behinik behin”. Izan ere, elur oreinen jabeek badituzte arazoak: “Animaliek, neguan, elur azpian egoten diren likenak jaten dituzte. Elurra porotsua denez, likenak usaindu eta erraz topatzen dituzte, zuloa eginda; baina tenperatura altuak zaildu egin die elikadura, gaineko elur geruza lehenengo urtu eta gero izoztu egiten delako. Izotzak ez die uzten oreinei likenak usaintzen eta aurkitzen; ondorioz, pentsuz elikatu behar izan dituzte”.
Lau lagunek Nordkaapera egindako txangoarekin amaitu zuten abentura, baina, sami herria oso handia denez, zeharkaldi gehiago egiteko asmoarekin itzuli omen dira denak. Groenlandia ere aipatu du baten batek...

Sami herria eta hizkuntza

Sápmi (edo Laponia) Finlandiaren, Norvegiaren, Errusiaren eta Suediaren artean zatitutako herrialdea da, estaturik gabea. Sami herria da laponiarren jatorrizko izena. Betidanik bizi izan dira han, baina, poliki-poliki iparralderantz igoz, Norvegiak, Suediak, Finlandiak eta Errusiak kolonizatu dute lurraldea; dagoeneko, samiak gutxiengoa dira Sápmi herri gehienetan. Garai batean, mendiko abeltzainak ziren, eta elur-orein taldeak zaintzen zituzten, hori izan baita beti euren bizimodua eta ogibidea. Baina duela hamarkada batzuk elur-motorrak asmatu izana “izugarrizko iraultza” izan omen zen eurentzat. Lehen, mendi herrixketan bizi ziren, nomada, baina 60ko hamarkadatik aurrera, elur-motorrei esker, asteburu batzuetan baino ez dira joaten mendira oreinak ondo dauden ikustera. Eta gero herrira itzultzen dira, askoz ere erosoagoa zaielako bertan bizitzea. Gainera, neguan askoz errazagoa izaten da motorra erabiltzea, lakuak izoztuta egoten direlako. Udan, nekezagoa zaie ganaduarengana heltzea: “Ezin dituzte lakuak neguan bezala zeharkatu, eta, milaka daudenez, txalupaz eta Land Roverrez mugitu behar izaten dute”.
Eskandinaviako hizkuntzei dagokienez, suediera, norvegiera eta daniera germaniar jatorrikoak dira, nahiko antzekoak eta ulergarriak euren artean. Sami hizkuntzak, berriz, lotura dauka hungarierarekin, estonierarekin eta suomiera edo finlandierarekin, familia berekoak baitira. Haatik, samiera lurralde handian dago hedatuta eta “haren lauzpabost dialektoak, distantzia handien eta komunikabide txarren ondorioz, nahiko ezberdinak dira, ulergaitzak euren artean albokoak ez badira”. Sami herria kolonizatu izanaren ondorioa da hizkuntza galtzea ere, nahiz eta Norvegia, Suedia eta Finlandia “nahiko estatu eredugarriak” izan hizkuntzen babesari dagokionez. Lagun hauek ikusi zutenez, “batzuk ahalegin berezia egiten ari dira samieraren dialektoak babestu eta bizirauten laguntzeko, baina egoera nahiko zaila da, hiztunak gero eta gutxiago direlako. Eskoletan saiatzen dira umeak samieraz hezten, baina askotan gurasoek ez dute horren beharrik ikusten eta guztiek ez diete seme-alabei transmititzen, ez dutelako erabilgarritzat jotzen”.