Iñigo Enrique
(Ribaforada, 1995)

“Erriberan, gutxi gara euskal hiztunak” dio Enriquek. Nafarroako Erriberakoa da, baina egun Erripagañan bizi da, Eguesibarren. Lanbidez programatzailea, hirugarren ikasturtea du Iruñeko Iruñezar AEKn, eta B1 mailan ari da.

Nolatan iritsi zinen euskarara?
Gurasoek nahi zuten ikastea. Beste guraso batzuekin batera, herrian D eredua jarri nahi izan zuten, baina ezin. A ereduan ikasi nuen eta euskara gutxi irakatsi ziguten. Gero, dena ahaztu zitzaidan. Ondoren, Madrilera ikastera joan, eta berdin. Iruñera itzultzean, mendi ibilaldi batean, Lizarragan gazta saltzen zuen baserritar batek euskaraz hitz egin zidan. Nik ez nekiela eta mesedez gaztelaniaz egiteko erantzun nion. Biok nafarrak izanik, bere hizkuntza zergatik aldarazi behar nion pentsatu nuen. Interneten euskara nola ikasi bilatu eta hurrengo astean AEKn eman nuen izena.
Zergatik erabaki zenuen euskara ikastea?
Arantza barruan neraman, nafarra naizela eta zergatik ez naizen euskalduna... Maitasunagatik, jakin-minagatik...
Nolako prozesua izan duzu?
Oso ona. Euskaltegirik gabe, nire ustez, ezinezkoa izango litzaidake. Ez neukan inguru euskaldunik, eta euskaltegiak hori ematen dizu. Eskolak jasotzeaz gain, afariak, mintzalagun saioak, ekimenak... ere egiten ditugu. Euskara ikasteko errazagoa da, prozesua errazagoa da. Hasiera-hasieratik erabili nuen euskara, eta oso ongi.
Zer izan da zailena?
Beldurra kentzea edo ausartzea, hau da, euskaraz hitz egiten hastea. Gerta liteke ez jakitea solaskidea euskalduna den ala ez, eta, halakoetan, ez naiz euskaraz hasten ausartzen.
Eta errazena?
Agian, ikasten hastea. Nik bat-batean erabaki nuen euskaltegian izena eman nahi nuela, eta pentsatu gabe egin nuen. Ingelesarekin edo beste hizkuntza batzuekin ere gertatzen zait, baina ez naiz ausartzen. Euskararekin, ordea, bai; izena zalantza egin gabe eman nuen. Euskaltegiak asko laguntzen du. Han hasi aurretik, Internet bidez zerbait ikasten ibili nintzen, eta ufa!, ezinezkoa iruditu zitzaidan.
Erabiltzen duzu?
Orain, bai. Ingurune euskalduna daukat; txikia, baina badut. Saiatzen naiz erabiltzen, ikasteko eta nahi dudalako, euskaraz bizi nahi dudalako.
Gustuko hitza edo esamoldea:
Zozoak beleari ipurbeltz. Asko gustatzen zait.
Trikimailuren bat?
Batez ere, ausartzea. Baina badakit zaila dela. Bestela, ez dakizkidan hitzak beti idazten ditut, eta asko irakurtzen saiatzen naiz. Nire ustez, horrek maila ona eman dit. Burugogorra naiz euskararekin, eta beti nabil irakurtzen edo hitzak apuntatzen. Beldurrez, bai, baina beti ausartzen naiz euskaraz egiten.