Espaloian, Itoizen musika ezagutarazteko

espaloian

Espaloian izeneko talde berria sortu dute Itoiz izandakoaren bost jarraitzailek. Pasa den mendeko 80ko hamarkadan euskal musikagintzaren erreferentzietako bat izan zenaren “freskotasuna, edertasuna eta indarra” oraingo gazteei, Juan Carlos Perezen taldea zuzenean ezagutzeko aukerarik izan ez zutenei, erakusteko asmoz. Azken batean, Itoizek utzitako musika ondarea ezagutarazi nahi dute Espaloian taldekoek, haien abesti guztien artean osperik handiena izan zuen Lau teilatu kantaz harago. Hala, Espaloian eta Musikaz blai diskoetatik aukeratu dituzte euren zuzeneko errepertorioa osatzen duten abesti gehienak, emanaldietan Itoizek zeukan magia berreskuratzeko, soinua eta argiak ondo zainduz.
Gatibu taldeko Haimar Arejitak (gitarra) eta Gaizka Salazarrek (bateria) abiatu dute egitasmoa, eta horiei Alex Arana (ahotsa eta gitarra), Dani Asua (baxua) eta Ander Ertzilla (saxofoia eta koruak) batu zaizkie.


 

 

eratuERATU taldeak hamaika kantaz osatu du bere bigarren diskoa: Ispilu iluna. Aurrenekoa kaleratu zutenetik bi urte igarota, Aitor Agirrek (bateria), Joseba Luzuriagak (baxua eta koruak) eta Unai Olaldek (gitarra eta ahotsa) entzulea hausnartzera bultzatzen duten hitzez osatutako kantak ekarri dituzte, “pauso txikiak baina irmoak emanez, beste mundu bat eratzeko lanean”. Hala, letrek bertakoak eta aldi berean unibertsalak diren problematikak eta muturreko sentimenduak azaleratzen dituzte. Musikari dagokionez, taldeak berea duen estilo aniztasunari eutsi dio: metala, rocka, punka, popa... Disko berria, aurrenekoa baino landuagoa, Usurbilgo Higain estudioan grabatu dute Haritz Harreguyrekin. Taldea zuzenean ikusteko hurrengo aukera Berriatuan (Bizkaia) izango da, hil honen 10ean.