Eratu taldeak...

eratuERATU taldeak hamaika kantaz osatu du bere bigarren diskoa: Ispilu iluna. Aurrenekoa kaleratu zutenetik bi urte igarota, Aitor Agirrek (bateria), Joseba Luzuriagak (baxua eta koruak) eta Unai Olaldek (gitarra eta ahotsa) entzulea hausnartzera bultzatzen duten hitzez osatutako kantak ekarri dituzte, “pauso txikiak baina irmoak emanez, beste mundu bat eratzeko lanean”. Hala, letrek bertakoak eta aldi berean unibertsalak diren problematikak eta muturreko sentimenduak azaleratzen dituzte. Musikari dagokionez, taldeak berea duen estilo aniztasunari eutsi dio: metala, rocka, punka, popa... Disko berria, aurrenekoa baino landuagoa, Usurbilgo Higain estudioan grabatu dute Haritz Harreguyrekin. Taldea zuzenean ikusteko hurrengo aukera Berriatuan (Bizkaia) izango da, hil honen 10ean.