LABURREAN

PELLO SALABURUK Errateko nituenak (Erein) kaleratu du, 2012ko udazkenean Cuzcora egin behar izan zuen laneko bidaia baten aitzakian. Liburua, bidaia-kronika izateaz gain, oroitzapen liburua eta egileak honetaz eta hartaz dituen iritzien azalpena ere bada. Salaburuk berak aitortu duenez, paperak bete ahala, ahal zuen moduan saiatu zen “hango istorioak eta hemengoak” josten. Hala, ahobizarrik gabe mintzo da; eta, batzuetan, hango kontuez ari dela, kitxua hizkuntzaz, adibidez, susmoa eragiten dio irakurleari ez ote den hemengo kontuez ari, zeharbidez bada ere. Salaburuk hamabi bat liburu ditu argitaratuak, bakarrik edo elkarlanean, euskal gramatikaren eta hizkuntzalaritzaren inguruan. Euskal Herriko Unibertsitateko errektore izana, euskaltzain osoa da 1985etik, baita Euskaltzaindiko Euskara Batuko Batzordearen buru ere.