'.eus' sareratzeko azken urratsak abian

eus

Gero eta gutxiago falta da sarean .eus domeinua erabili ahal izateko. Euskara eta euskal kulturaren komunitatearen Interneteko lehen mailako .eus domeinua kudeatu eta administratuko duen PuntuEus Fundazioak domeinua gizarteratzeko faseari ekin dio; beraz, aurki izango da erabilgarri. Urratsez urrats egingo dute bidea. Lehen fasean, 90 eragile aitzindarik izango dute .eus domeinua erabiltzeko aukera. Hala, domeinua erabiliko duten lehen webguneak horienak izango dira. Horretarako, eragile, elkarte, enpresa edota norbanakoek eskaera egin beharko dute maiatzaren 30a baino lehen, baita ekarpen ekonomikoa ere. Ondo bidean, lehen webguneak ekainaren 12an izango dira martxan. Hain zuzen ere, data horretan ekingo zaio bigarren faseari: .eus komunitateari hertsiki lotutako elkarte, enpresa eta erakundeei domeinua erabiltzeko aukera emango zaie. Sei hilabete iraungo du prozesuak, lehen faseko aitzindariek .eus erabiltzeko izango duten tartea, hain juxtu. Azkenik, abenduaren 3tik, Euskararen Egunetik, aurrera, .eus baliatzeko eskaera egiteko aukera edonori zabalduko zaio, beti ere egitasmoaren filosofiarekin bat egiten badu, jakina.


EUSKARAK eta euskal kulturak amaraunean duen presentzia eta kontsumoa handiagotzeko xedez, Ttalaka.org ataria sareratu du Ttalaka Kultur Elkarteak. Horretarako, hainbat atal baliatuko ditu atariak. Ttalakariak izeneko atalean, esaterako, euskal kulturako “erreferenteak” elkarrizketatuko dituzte bideo formatuan. Erreportajeak atalean, aldiz, kultur arloko erreportajeak eskainiko dituzte, horiek ere bideo formatuan. Blogak atalak, bestalde, kultur diziplina anitzei buruzko blog sarea paratuko du erabiltzaileen eskura, hainbat kolaboratzaileren parte hartzearekin: antzerkiaz mintzatzeko, Sara Cozar, Aitziber Garmendia, Dorleta Urretabizkaia, Arkaitz Gartziandia eta Egoitz Sanchez; zinema lantzeko, Naiara Gonzalez; musika jorratzeko, Ibon Fernandez... Halaber, Euskal Herriko zazpi lurraldeetako euskarazko kultur ekintzen berri jasoko duen Agenda kulturala ere izanen du atariak. Edukiak eskaintzeaz gain, parte hartzea ere sustatuko du Ttalaka.org-ek, dela sare sozialetan atariko edukiei tartea eginez, dela edukiei buruzko proposamenak jasotzeko aukera eskainiz.