Gor diskoetxeak 2016an kaleratutako Herederos de nadie albumaren ondoren, talde nafarraren bigarren diskoa da Amestutako Lurraldea (Baga-Biga, 2021). Euskaraz eta gaztelaniaz abesten dituzten hamabi kantaz osatutako lan mardula argitaratu dute, entzulea festara bultzatzen duten rock, folk irlandar eta zelta kutsuko aire zabalekin eta hard-rock eta punk ukitu batzuekin. Ondorioz, doinuak alaiak dira oso, eta badirudi taldeak amets duen lurralde aske horretan pozik bizitzeko itxaropen argia adierazi nahi duela. Hala eta guztiz ere, Ander Nagore abeslariaren eta Joanes Arrizabalaga biolin jotzailearen artean idatzitako hitzen bidez, gizartearen gabeziak eta hutsuneak kritikatzen dituzte etengabe, ironiaz eta isekaz betetako berbak baitira nafarrenak.

NOA LUR abeslari bilbotarrak Gaur diskoa kaleratu du. Ander García baxuan eta kontrabaxuan, David Sancho pianoan eta teklatuetan, eta David Fernandez baterian izan ditu lagun. Badakit (2015) eta Troublemaker (2016) lanen ostean, musika ingurunearekin, iraganarekin eta etorkizunarekin etengabeko harremanetan dagoen izaki biziduna dela erakustera dator, kantu herrikoiak, jazz inprobisazioa, musika koloretsua, usadioa eta abangoardia bilduta.

KONPOST
Konpost
Erraia Diskoak, 2021

Ruben Sanchezek, Jon Aranburuk, Txerra Bolinagak eta Bingen Mendizabalek osatzen dute taldea, eta, laukotearen lehen diskoa bada ere, kide batzuek musika ibilbide luzea dute. Alabaina, hemen ez dago aurreko lanen eragin agerikorik, zerotik hasi baitira. Besteak beste, rockean, popean eta bluesean murgildu dira 10 kanta hauen musika sortzeko. Hitzek, berriz, umoretik adina dute kritikatik eta garratzetik.

AMOUR ETA TOUJOURS
Ruper Ordorika
Elkar, 2021

Hamaika kantu bildu ditu oñatiarrak bere azken diskoan, oraingoan Kubako doinuak eta erritmoak baliatuta. Entzulea Habanako kaleetan eta itsas pasealekuan murgilduz, Ruperrek ekarpena eta aitortza egin nahi izan dizkio uharteko jendeari eta musikari. Han egindako hainbat egonalditako bizipenak kontatu ditu kanten hitzetan, baina Joseba Sarrionandiak Kubari buruz idatzitako testu argitaragabeak ere izan ditu eskura.