Handiaren ondare handia

handia

Amaitu da Migel Joakin Eleizegi Arteaga Altzoko Handiaren (Altzo, Gipuzkoa, 1818 – 1861) hilotzaren inguruko misterioa: Aranzadi Zientzia Elkarteak Altzon bertan, Altzoazpiko hilerriko hezurtegian, topatu ditu erraldoi ezagunaren hezurduraren elementu asko. Altzoko Handiaren gorpua misterioaren lausoak hartua zuen. Altzoko hilerrian lurperatu zuten akromegaliaren eraginez ezohiko altuera (2,41 metro luze ei zen) izan zuen altzotarra. Hil eta zenbait urte geroago, haren hezurrak lapurtu egin zituztela zabaldu zen. Falta ziren hezurren gainean hainbat teoria izan ziren, besteak beste Londresko laborategi batean zeudela. Azkenean, erantzuna gertuago zegoen. Abuztuaren 12tik 14ra, Aranzadik indusketak egin zituen Altzoazpiko hilerrian. Familiaren hilobia aztertu zuten lehenik, inolako arrakastarik gabe. Ondoren, hezurtegian begiratu, eta bertan topatu zituzten gainerakoen aldean handiagoak ziren zenbait hezur: femur bat (64 zentimetro), masailezurra, ornoak... Eleizegirenak, alegia. Indusketen arduradunek azaldu dutenez, aurrerantzean baliteke hezur gehiago topatzea. Misterioa argituta, Handiak gure ondarea handitu du.