Nextor Otaño Nexgraff
Artista urbanoa

Jaioterriko frontoiaren atzean, Aitor eta Nextor Otaño (Pasai San Pedro, 2003) aita-semeen horma irudiak ikus daitezke. Karikatura ukituko erretratu errealistak, batik bat. Beste asko ere egin dituzte leku askotan. Nextorrek 13 urte zituela, aitak grafiti ikastaro bat egitera eraman zuen, semearen zaletasuna bideratzeko asmoz; aitak berak ere, margozalea bera, izena eman zuen, jendea behar zelako ikastaroa osatzeko. Ordutik, jo eta su dabiltza. 2021ean, Nextorrek hirugarren postua lortu zuen Espainiako Grafiti Liga Nazionalean. Eñaut Mitxelena.

Nexgraff-en atzean zer daude, bi esku ala lau?
Lau. Aitak beti laguntzen dit, hark ere margotzen du.
Zenbat dute zure irudiek aitarenetik eta zenbat zuretik?
Gehienetan, gehiago niretik. Gero eta gehiago. Diseinuak ere ez ditut nik bakarrik egiten: nik bat, berak beste bat... Batez ere, enkarguzko lana baldin bada, kalera margotzera bakarrik jaisten banaiz, nire kasa!
Tipografiak marraztetik irudi errealistak marraztera igaro zinen. Letrekin aspertuta?
Ez. Berez, letrekin ez nuen bukatu, baina erretratuak egiteak gehiago erakartzen ninduen. Halere, gero eta gehiago gustatzen zait letrak egitea. Hau da, atzera itzuli naiz berriro. Dena den, nahastea atsegin dut: erretratuak letrekin eta... denetarik.
Maialen Lujanbio, Berri Txarrak, Albert Pla, Mikel Laboa... Kultur munduko pertsonaiak izaten dira gehienak. Zergatik?
Bertakoa, tokikoa, defendatzen saiatzen gara. Gehienbat, euskal kultura. Behin, etxean, Wiz Khalifa margotu nuen, eta aitak “Zein da hau?” galdetu zidan. Orduan hasi ginen konturatzen: "Zergatik marrazten dugu Wiz Khalifa?". Mundu globalizatu honetan, kultura txikiagoak lekua galtzen ari dira. Hortaz, txikiak defendatzen ahalegintzen gara.

Zure irudiak ez dira di-da egin eta alde egitekoak. Ezkutuan ibiltzeak ez zaitu erakartzen?
Horma irudiekin ezin da, baina erakartzen nau, bai. Orain hasi naiz pixka bat ezkutuan margotzen. Irudi horiek ez ditut izenpetzen, sinadura ez da Nex.
Grafitiak fama txarra du oraindik ere?
Bai, bai. Nire ustez, erretratuak-eta modan daude orain. Gero eta gehiago onartzen dira, baina grafitiak, letra eta firma bezala, ez, eta ez dira inoiz onartuko. Adibidez, duela gutxi Arrobitxulon (Altza) horma irudi bat margotzen ari nintzela, udaltzainak etorri zitzaizkidan, eta paretik pasatzen zen jendeak ere kargu hartzen zidan. Hain zuzen, horregatik etorri ziren udaltzainak, jendeak deitu zielako. Askori ez zaie buruan sartzen baimenarekin ari zarela. Espraia ikusi eta bandalismoarekin lotzen dute.
Ligan emaitza onak lortu eta gero enkargu gehiago iristen zaizkizue?
Bai, laguntzen du. Hedabideetan agertu eta lanak sortzen dira. Ligaren onena da artistak ezagutzera ematen dituela. Esperientzia ona izan da. Estatu osoko margolari asko ezagutu dugu, eta harreman ona izan dugu. Eta sare sozialetan garrantzitsua da, jarraitzaile kopuruan ere nabaritu dugu.
Guk hormak ikusten ditugun lekuetan, zuk mihiseak?
Egia esan, bai. Fatxada bat ikusi eta, agian, hor zer edo zer egin daitekeela pentsatzen dut. Adi ibiltzen gara: “Begira fatxada hori!”, eta horrela.
Hormez gain, beste euskarririk erabiltzen al duzu?
Bai, koadroak margotu izan ditut, akrilikoarekin. Mihiseak. Aerografoa ere bai... Gustatzen zait, eta horretan ibiltzeko asmoa dut. Olioa ere probatu nahi dut. Eta eskultura...
Zer du espraiak “engantxatzeko”?
Oso azkarra dela. Emaitzak oso azkar lor ditzakezu. Esate baterako, egun batean erretratu bat edo bi egin ditzakezu. Hori olioarekin edo akrilikoarekin ezinezkoa da, sukaldaritza lan handia eskatzen dutelako. Koloreak nahasten ibili behar duzu; espraiarekin, aldiz, kolorea hor duzu. Halere, teknikak nahasten saiatzen gara, espraiaren erabilerara mugatu gabe.

Di-da batean

Zerk alaitzen dizu eguna?
Lagunek.
Eta tristatu?
Animaliei tratu txarrak emateak.
Zerk eragiten dizu barrea?
Tontakeriek.
Eta negarra?
Maitasunaren alde txarrak.
Zerk haserrearazten zaitu?
Injustiziak.
Bizio bat?
Sakelakoa.
Plazer txiki bat?
Kaña bat.
Zer izan nahi zenuen txikitan?
Magoa.
Eta orain, zer izan nahi duzu?
Artista, sortzailea.
Horma handiak, txikiak... Lehentasunik?
Horma handiak.
Artista bat?
Aryz.
Bereziki gogoan duzun lan bat:
Smug One-n lanak.
Bereziki gogoan duzun zure lan bat:
Lazkao Txiki, Ordizian, Santa Maria kalean.
Non marraztuko zenuke gustura horma irudi bat?
San Pedroko Hiru T’erdi tabernaren fatxadan, Arratibelen etxean.
Zer marraztuko zenuke?
San Pedroko pertsonaia bat.