Pasa den hilean, bi gertakari ezagutu ditugu euskarak hezkuntza sisteman izan behar duen trataeraren inguruan. Batetik, Euskal Autonomia Erkidegoan, hezkuntzako eragile nagusiek, euskalgintzak eta gehiengo sindikalak Euskaraz hezi, berdintasunean hazi adierazpena adostu dute. Euskal Eskola Publikoaren oraingo legea aldatzeko prozedura abian denez, hau eskatu dute: “Hezkuntza hitzarmenean berariaz jasotzeko hurrengo legeak ereduen sistema baztertzailea gainditu, eta ikasle guztiei euskara gaitasun egokia bermatuko dien eredu orokortua ezarriko duela, hori delako aukerarik justuena eta berdinzaleena”. Bestetik, Frantziako Gobernuak “hizkuntza gutxituen murgiltze irakaskuntza posible” dela dioen zirkularra argitaratu du, betiere frantsesaren eta hizkuntza gutxituaren maila bereko ezagutza bermatzekotan. Euskararen Erakunde Publikoak, segurtasun juridikoa zaintzeko adi egon beharko dela aipatuta ere, “biziki berri ona” dela adierazi du. Aurrerapausoak ikusiko ote ditugu urte hasi berrian?