Zuzendaria: Neus Ballús. Gidoia: Neus Ballús eta Margarita Melgar. Aktoreak: Valero Escolar, Mohamed Mellali, Pep Sarrà, Paqui Becerra. Espainia, 2021.

Istorioa: Valero eta Pep elektrikari eta iturginak dira. Pepek erretiroa hartu behar duenez, haren ordez Moha hasiko da lanean. Horretarako, lehenengo, astebeteko probaldia egingo du, eta guk hiru langileen etxez etxeko ibiliei jarraituko diegu.

Sariak: Pelikula xumea da, baina iaz jaso zituen sariek arrasto argigarriak ematen dizkigute. Besteak beste, Valladolideko Semincin Zilarrezko Galburua (zinemaldiko bigarren saririk garrantzitsuena) eta Ikusleen Saria eskuratu zituen; Locarnoko zinemaldian, berriz, Escolar eta Mellali protagonistek aktore onenarena jaso zuten. Ez dira, ez, aurkezpen txartel makalak.

Onena: Pelikula apal eta oso gomendagarria. Dokumentalaren eta fikzioaren artean jauzika, kamera lekuko hutsa balitz bezala ia, egungo gizartean egunerokoa dugun afera bati heltzen dio: kontzienteki ala inkontzienteki, gehiago ala gutxiago, inguruan eta gure baitan dugun xenofobia. Alde horretatik, film konprometitua da, soziala, baina halako film gehienek izan ohi dituzten une mikatz gogor horiek gabea. Alderantziz, zalapartarik gabe, arinki, umore askorekin, naturaltasun osoz eta gizatasun handiz murgilduko gaitu, etxez etxe, batere arrotzak egingo ez zaizkigun giza paisaietan. Hala, erraz eta ongi konektatzen du ikuslearekin. Horretan, hiru protagonista karismatikoek zerikusi handia dute. Ez dira aktore profesionalak. Beren alde ilun eta argiak izanagatik ere, zaila hirukotea benetan maitagarria ez iruditzea, batik bat Valero marmartia. Bestalde, aipagarria da hizkuntzen nahasketa, naturalki gertatzen dena.

Txarrena: Baikortasun neurtuegia, akaso?

Eñaut Mitxelena