REGGAEAN JARRAI
Askoren artean
Euskal folklore jamaikarra
(Pantx Records, 2021)

Euskal folkloreko kantu ezagunak reggae doinuetara ekarriak? Aitortu behar dut proiektuaren berri izan nuenean ez zitzaidala oso ideia ona iruditu. Gernikako arbola, Boga boga, O Pello Pello, Eperrak, Xenpelar edo Bilintxen bertso zaharrak eta antzekoak reggae eta ska estiloan... zalantza handiak nituen. Baina diskoa entzun eta gero desagertu egin dira. Abestiak jotzen dituzten hamalau taldeek eta diskoaren ekoizpenean parte hartu duten kolektibo eta zaleek egin dute mirakulua. Edo, hobeto esanda, haien grinak, haien pasioak, jamaikar kulturarekiko sentitzen duten maitasunak. Izan ere, maitasun handiz egindako diskoa da Reggaean jarrai, oso zaindua eta atzean lan handia daukana, eta hori nabaria da azken emaitzan.