Zortzi abesti batu ditu taldeak CD “mimatu” honetan. Mauka Musikagintza diskoetxearen esanetan, lana “egin beharreko ariketa polit” baten emaitza da; izan ere, pandemia tarteko, taldeak gogoa berrindartzeko denbora hartu du. “Barrenak eskatu diena eginez, naturaltasunez, presiorik gabe eta sormenari kasu eginda”, taldekideek erregistro eta alderdi asko dituztela erakutsi dute, ahotsetan, instrumentazioan zein generoetan: folka, popa eta rocka bat eginda, jai giroko abestiak nahiz baladak sortu dituzte. Aurkezpen bira ere abiatu dute: otsailaren 5ean, Andoaingo Bastero kultur gunean; 11n, Bilboko Kafe Antzokian; 12an, Gasteizko Kubik aretoan; 18an, Hendaiako Mendi Zolan aretoan; eta, 19an, Burlatako kultur etxean. Hilaren bukaeran, Espainia aldera aterako dira, Kantabriatik eta Asturiastik hasita.

JON MAIA bertsolari, kantari eta idazleak Kantu bat gara (Elkar) egitasmoa plazaratu du (liburua eta CDa). Zumaiarrak 200 kantu inguru idatzi ditu 1991tik hainbat artistarentzat (Ken Zazpi, Gari, Anari, Negu Gorriak...), eta hau lan horren isla da. Liburuan, kantu askoren hitzak ageri dira, baita Maiaren beraren kontakizunak ere. Diskoan, berriz, egileak kantu horietako batzuen bertsioak abestu ditu, Pello Ramirezen biolontxeloa, Gorka Hermosaren soinu handia eta Nacho Sotoren pianoa lagun.

AURREZ AURRE
Aburruzaga
Baga-Biga, 2021

Aburruzagaren seigarren diskoa zuzenean grabatutako aurrena da, 20 urteko musika ibilbidearen lekukotza. Abesti zaharrei egindako moldaketen ondorioz, hamazazpietan zehar entzuten da zoriontasunaren aldarria kantu bilakatuta. Musikariak sentimendu handiz uztartu du euskal folka kanpoko sen eta estimuluekin, trikitiaren soinuak eta hainbat erritmo (fandangoa, arin-arina...) munduratzeko.


AITA MARI
Korrontzi
Elkar, 2021
Musikaz bidaiatzea, herriak eta kontzientziak elkartzea, eta kulturen arteko harmonia posible dela erakustea izan dira disko-liburu formatuan kaleratutako egitasmo honen xedeak, baita Aita Mari erreskate ontzia finantzatzea ere. Korrontzik beste hainbat lagunekin osatu du lana: Luar Na Lubre, Luis Peixoto, Ricardo Tesi, Stefano Saletti, Jesus Cifuentes, Mikel Urdangarin, Xabier Amuriza eta Aziza Brahim.