Eskolan, etxean edota beste edonon arkatza eta borragoma erabili izan dituenak ondotxo ezagutuko du Milan markako 430 modeloa: berde, zuri edo arrosa koloreko borragoma karratua, izugarri ezaguna eta erabilia. Ez da harritzekoa, Kataluniako Milan enpresak 1918tik, sortu zenetik, ekoizten baitu, beste produktu askoren artean (egun, bulego eta eskoletarako 2.000 gauza baino gehiago ditu bere katalogoan). Bada, azken hilabetean zeresan handia eman du Milan 430 berdeak. Gabonetan, enpresak bere katalogotik kendu zuen borragoma berdea, arrosak eta zuriak gehiago saltzen direlako, azaldu zuenez. Erabakiak, ordea, sekulako oihartzuna sortu zuen sare sozial eta hedabideetan. Halako zalaparta eta erabiltzaileen eskaerak ikusita, berriz ekoitziko dituela jakinarazi du, urtarrilaren erdialdean, enpresak. Milan 430 berdearen etorkizuna, beraz, ez da bat-batean ezabatuko.