Manchester hirian, txakurrei egokitutako zinema-aretoa zabaldu dute. Ducie Street Warehouse izeneko gunean dago. Jatetxeak, tabernak eta antzeko lekuak daude bertan, baita Mini Cini izeneko zinema-aretoa ere. Hogeita hamasei eserlekuko aretoa da, eta txakurrentzat eta beren jabeentzat propio egokitutako emanaldiak eskaintzen ditu astelehenero. Bost libera esterlina ordainduta, txakurrekin zerikusia duten filmak ikus ditzakete: Bolt, Lady and the Tramp, Lassie... Jabeentzako krispetak ez ezik, txakurrentzako mokaduak ere eskaintzen dituzte. Txakurrak jabeen magalean edota lurrean eser daitezke, eta bai filmaren bolumena bai aretoko argiztapena ohi baino leunagoak dira, txakurrei kalterik ez eragiteko. Lehenago ere antolatu izan dira munduko beste zenbait lekutan txakurrekin joateko zinema emanaldiak. Mini Cini, aldiz, beren-beregi txakurrentzat egokitutako munduko lehen aretotzat jo dute (bizirik irauteko gutxienekoak bermatuta ez dituzten milioika pertsona bizi diren mundu berean, bai), eta arrakasta izan omen du. Txakurrei galdetu beharko, ezta?