Bi urteren ostean, Herri Urrats Ipar Euskal Herriko ikastolen aldeko jaia Senpereko lakuan egingo dute berriz ere. Hala espero du, bederen, Seaska Iparraldeko ikastolen federazioak. Pandemia dela eta, azken bi urteetan ezohiko moduan ospatu da Herri Urrats. Aurten, baina, 39. edizioan, antolatzaileek festa Senperera itzultzea nahi dute. Hautatu duten leloa horren erakusle: Itzulera. Seaskako ikasleen artean egin zuten lehiaketa, bai leloa bai irudia (zapatila bat da) aukeratzeko; irudia Manex Erdozaintzi Etxart kolegioko Amaia Ampo ikasleak egin du. Hain zuzen, Seaskako ikasleak omenduko dituzte aurtengo Herri Urratsen, pandemia garaian bizi izandako une zailengatik. Lortzen den dirua Seaskaren bosgarren kolegioa eraikitzeko baliatuko dute. Maiatzaren 8an izango da aurtengo Herri Urrats, baina, eguna iritsi bitartean, jaia berotzeko ekitaldiak antolatuko dituzte. Esaterako, martxoaren 13an, bertso saioa egingo dute Senperen bertan. Udaberrian, ostera, aurtengo kantua aurkeztuko dute, Zetak taldeak egina.