Galdera horri erantzun nahian abiatu du Iruñeko Los Tenampas mariatxi taldeak ikerketa. Azterketa antropologiko sakona eginda, ondorioak txosten batean bilduko dituzte, Labrit Ondarearen laguntzaz. Nafarroako Artxibora jotzeaz gain, hainbat elkarrizketa egiten ari dira, hala nola Chuchín Ibáñez musikariari edota Xabier Berasaluze Leturiari, trikitilariek ere askotan jotzen baitituzte rantxerak. Agerikoa da Euskal Herrian zaletasuna oso hedatuta dagoela: jai askotan musika mota hau ez da sekula falta izaten, eta jendeak osorik kantatzen ditu abestiak. Horren adibide, Andoni Aretxabaleta pilotariak Oinatz Bengoetxeari abestu zion El rey ezaguna: Leitzakoa agurtzeko, frontoian zeuden ikusle guztiak jarri zituen kantuan, Bengoetxeak Atano III.ean jokatu zuen azken partidan. Beste adibide bat: Jesús Perez Artuchek berriki kaleratu du Eskroto/Gavilán. De profesión: artista (Txalaparta) liburua, 90eko hamarkadako Kojon Prieto y los Huajolotes taldearen sortzailearen biografia. Mariatxiak, hortaz, ikertzaile dabiltza.