Jon Arretxek Touréren sagako zortzigarren nobela kaleratu du: Dortokaren begirada (Erein). Paristik ihesi, Madrilgo Lavapiés auzora heldu da protagonista. Poltsa bete harribitxi dauka, baina ostu egingo diote, horren ordez harri batzuk eta oskolean zerbait idatzita daukan dortoka utzita. Altxorra berreskuratzeko ahaleginean, Touré gizarteko baztertuen mundu ezkutura itzuliko da: etxegabeak, etxegabetzeak egiten dituztenak, gameluak, jonkiak... Testuinguru hori baliatu du Arretxek kritika soziala islatzeko. Gainera, umorea berreskuratzen ere saiatu da, aurreko nobeletan “Touréren ibilbidea oso gordina bihurtzen ari zelako”. Bestalde, idazle bizkaitarrak baieztatu du Touré pantailara eramango duen proiektuak aurrera jarraitzen duela; halaber, grabaketa Bilboko San Frantzisko auzoan egingo dela iragarri du.

LEGARRAREN DESAGERPENA (Elkar) kaleratu du Miren Gorrotxategik. Nobela beltza idatzi du berriz ere, baina oraingoan A2 mailako euskara ikasleengan pentsatuz, Arian Irakurgaiak bilduma barruan argitaratzeko. Telmo Legarra da protagonista, herrira itzuli den polizia ohia, desagertutako alabaren bila 10 urtez Europan barrena ibili ostean. Etsita itzuli arren, herrian aztarna berriak topatu ditu: Nahia desagertu aurreko Gabonetan ateratako argazki misteriotsua.

(IA) GUZTIA MOZTU EDO ITSATS DAITEKE
Aintzane Usandizaga
Irudiak: Aran Santamaria
Pamiela, 2022

Koloretako 44 orrialde dituen liburu honen oinarrian, Esther Ferrer artistak denbora kontzeptuaren inguruan egindako lanak daude, eta horiek modu jostagarri eta ederrean erakustea izan da egileen asmoa. Artistaren estetika gogora ekartzen duen collagezko muntaiaren eta hitz dantzarien bidez, denbora harrapatzeko ahaleginean murgilduko da irakurlea.


JAINKOAREN SEME
Cormac McCarthy
Itzulpena: Juan Mari Mendizabal
Irudiak: Joseba Agirrezabalaga
Igela, 2022

Liburuak Lester Ballard protagonista ustelaren infernurako bidea erakusten du, ez dago esperantzarik Tennesseeko baso goibeletan. Nobela nabarmena da hau, batzuek William Faulknerren oinordeko nagusitzat dutenak idatzi duelako, humanitatearen akaberak zer dakarren erakusten digulako eta uste baino gertuago ditugun Tennesseeko baso goibelei ere euskara darielako.