22. Korrika ez da Euskal Herriko herri guztietatik pasatuko, ezinezkoa delako. Esaterako, halaxe gertatuko da Arabako Errioxan. Eskualdeko euskaltzaleek, ordea, euskararen alde lasterka aritzeko asmoa dute, eskualdean euskalgintza mugimendua dagoela erakusteko. Hala, Korrika propioa egingo dute. Apirilaren 9an, Vianatik eta Bastidatik zutabe bana abiatuko da, eta hainbat herri zeharkatu ondoren Guardiara iritsiko. Han, festa egingo dute. 2013an eta 2017an ere antzekoa gertatu zen. Korrika ez zen eskualdetik igaro, eta Korrika propioa antolatu zuten. Aurten ere gauza bera egingo dute, esan bezala, eta, Alea hedabidean azaldu dutenez, Korrikaren babesa izango dute. Oñatin ere antzera jokatzear dira. Aurten Korrika ez denez bertatik igaroko, Debagoieneko AEK-k bestelako proposamena egin du: apirilaren 1ean Oñatin Korrika propioa egin eta ondoren Elorregi auzora jo, 22. Korrikarekin bat egiteko. Izan ere, Bergaratik Arrasaterako bidean, handik pasatuko da 22. Korrika.