Mediterraneo itsasoko sardinen eta bokarten kopuruak, tamainak eta osasunak okerrera egin dute azken 20 urteetan, gehiegizko arrantzaren, klima aldaketaren eta mikroplastikoen ondorioz. Orain, gainera, beste etsai bat agertu zaie: marmokak. Espainiako Ozeanografia Institutuak bultzatutako eta Estuarine, Coastal and Shelf Science aldizkariak argitaratutako ikerketa baten arabera, medusen populazioa hazi egin da Mediterraneoan, marmokak harrapatzen dituzten arrainen gehiegizko arrantzak eraginda; itsasoaren tenperatura igotzeak ere lagundu du ugaltze horretan. Hala, marmoken ugaritzeak sardina eta bokarten populazioa kaltetu du, batez ere bi arrazoirengatik: batetik, medusak bokartek arrautzak erruten dituzten itsaspeko kanoietan garatzen dira, eta arrautza horiek eta arrainkumeak irensten dituzte; bestetik, marmokak ere planktonez elikatzen dira, sardinen eta bokarten jateko gauza beraz, alegia.