Soldata arrakala, kristalezko sabaia, genero indarkeria, adinekoen, gaixoen eta haurren zaintza… Kontzeptu horiek guztiak aipatuta, badakigu zertaz ari garen. “Betiko” kontuak dira, martxoaren 8aren inguruan barra-barra ikusi eta entzungo ditugunak. Historian, gainera, gehiegitan ukatu izan zaie agerikotasuna emakumeei, beren lana ezkutatzeko edo ez aitortzeko; edo, are okerrago, beren obraz jabetzeko. Horren erakusle, emakume izenik eza literaturaren, musikaren, arte plastikoen… historian. Hortaz, emakume artisten lanek duten presentziaz hausnartzeko asmoz, San Telmo Museoak Baginen bagara. Artista emakumeak: ikusgarritasun(ez)aren logikak erakusketa jarri du ikusgai, martxoaren 13ra arte. Museoaren katalogoan onartzen denez, “beti izan dira sorkuntzan lan egin duten emakumeak, baina gutxi Artearen Historiak aitortu dituenak”. Ea alor honetan ere aldatzen diren gauzak, beste guzti-guztietan bezala.