Atzerrian lurra garratz antzezlana aurkeztuko dute, otsailean, Artedramak eta Huts Teatroa taldeek. Hasiera batean, estreinaldia otsailaren 5ean zuten aurreikusia, Luhuson. Alta, pandemiagatik ezinezkoa izango dutenez, otsailaren 12an eskainiko dute estreinakoz, Oñatin. Aurora Mora izeneko artista du protagonista antzezlanak. Bere instalazio artistikoari azken ukituak ematen ari dela, bizitza betiko aldatuko dion deia jasoko du. Hari horri tiraka, antzezlanak mataza korapilatsuagoak eragindako galderak jarriko ditu mahai gainean: posible al da gurea ez den lur batean sustraitzea? Badezakegu, familiaren eta aberriaren zama gainean dugula, gure kabuz hegan egitea? Miren Amurizaren laguntzarekin idatzitako lana Amancay Gaztañagak zuzendu du, eta Laura Penagos eta Ander Lipus ditu aktore. Oñatikoaren ostean, emanaldi hauek dituzte lotuak: otsailaren 19an, Andoainen; 20an, Markina-Xemeinen; 21ean, Errenterian; 26an, 27an eta 28an, Donostian... Nolanahi ere, pandemiak eragindako ziurgabetasun egoera aldakor betean, atzerrian.eus atarian une oro eguneratuko dituzte data guztiak.

LABURREAN

ASIER HERNANDEZ aktore eta antzerkigileak irabazi du XVIII. Cafe Bar Bilbao antzezlan laburren saria, Kill, Kerra eta karma lanarengatik, zeinak gaur egun pil-pilean diren hainbat gai umorez lantzen dituen. Beste bitan ere irabazi du Hernandezek sari hau, baina gaztelaniazko lanekin. Oraingoan, gaztelaniazko lan onenaren saria David Manganak eskuratu du, El muffin de Proust lanarengatik.

ABIAN DA Begi-belarri zikloa, euskarazko dokumentalak agerian jartzeko asmoz Gasteizko Oihaneder Euskararen Etxeak eta Geu elkarteak antolatzen dutena. Urtarrilaren 20an hasi zen, Lander Garroren Bi urte, 4 hilabete eta egun bat dokumentalarekin, eta, apirilera bitartean, hilero lan bat eskainiko dute: otsailaren 10ean, Ekain Martinez de Lizarduiren Erraiak; martxoaren 10ean, Josu Martinezen eta Txaber Larreategiren Caminho Longe; eta apirilaren 14an, Bertha Gaztelumendiren Ez, eskerrik asko! Gladysen leihoa. Emanaldiak 19:00etan hasiko dira, Oihanederren, eta ikusi eta gero solasaldiak izango dira. 

EMAKUME ZINEGILE hasiberrientzako Noka Mentoring programaren hirugarren deialdia zabalik da. Tabakalera Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentroak antolatuta, andre zinemagile hasiberriei laguntzea du helburu. Lehen edo bigarren filma egin nahi duten Hego Euskal Herriko emakumezko sortzaileek parte har dezakete. Programak hiru proiektu aukeratuko ditu, eta egileek laguntza jasoko dute horiek garatzeko: adituen aholkularitza eta 4.000 euro, besteak beste. Lanak otsailaren 19ra arte aurkeztu ahal izango dira.