Modus Operandik erritmo berriak jorratu ditu bere azken diskoan: Dantza gaitezen hil arte (Baga-Biga). Hori da, taldearen esanetan, bigarren lan hau “maila handiagokoa” egin duten lau berezitasunetako bat: ska-rock binomioa apurtzea, hamaika erritmo bizigarriz betetzeko (funka, punka, saltsa, rapa, reggaetoia, dancea, popa, tex-mexa, latina…). Aipatzekoa da, halaber, beste hiru musikariren fitxaketa: Diego Martinez (Luz de Putas), Joseba San Sebastian (Sen) eta Josu Erviti (Iseo, Tximeleta, Txarrena). Musika  ekoizle eta soinu teknikari ere bada Erviti, eta alor horretan ere egin du ekarpena. Azkenik, hitzek maitasuna, maitakeriak eta borroka batzen dituzte. Hala, ez dela amodiorik eta borrokarik gabeko bizitzarik aldarrikatzera dator taldea, eta ez dela dantzarik gabeko bizitzarik. Gehiago lotzeko lanean ari dira, baina oraingoz bi kontzertu dituzte iragarrita: otsailaren 27an Atarrabian (Totem) eta martxoaren 26an Gasteizen (Jimmy Jazz).


454unaiegia

UNAI EGIA musikari lekeitiarra, naturako elementuetan oinarritutako bost diskoak bukatu ondoren, bakar-bakarrik dator oraingoan, soinua, estiloa eta estetika berriturik. Soinu konplexuetatik, hamarnaka pista dituzten abestietatik eta distortsiotik ihesi, ahotsa, gitarra akustikoa, gitarra elektrikoa, oin dunbala eta hankako panderoa dakartza. Diskoan ere, soinu tresna horiek baino ez dira entzuten. Kantautore klasikoen doinua dario Sukar-ametsak lanari sei abestiz osatutako EP honetan, eta bizitzen berriro ikasi behar izan duen edozein pertsonari buruz berba egiten du bertan. Unai Egiak berak ekoitzia, bereak dira musika, hitzak eta diskoaren azala ere. Alabaina, Iraun Urkaregi (Bedroom studios) arduratu da nahasketaz eta masterizazioaz.

454disko2

BAZEN BEHIN
Hagoan
Gor, 2020

Iruñerriko Hagoan taldeak urteak daramatza oholtza gainean herri batetik bestera, baina 2019an hasi zen kantak konposatzen, eta lan horren emaitza da disko hau. Bertan, estilo asko nahasten badira ere, rocka da nagusi. Zazpi abestiren bidez, hainbat istorio kontatzen ditu taldeak kideek eurek sorturiko hitzekin. Hagoan dira Asier Perez (ahotsa, gitarra), Oier Balda (tronboia, ahotsa), Oier Alsua (baxua), Artiz Ezker (tronpeta), Efren Otazu (teklatua) eta Iker Tollar (bateria). Drum Groove estudioan grabatu zuten lana, Josu Erviti soinu teknikariarekin.

454disko1
h3o

Sorkunde Idigoras, Hasier Oleaga, Julen Izarra
Gaztelupeko Hotsak, 2020

Jazz garaikidean eta abangoardiako musikan askatasunez mugitzen diren eta ibilbide luzea duten hiru musikarik bat egitearen ondorioa da hau. Diskoa osatzen duten pieza batzuk aipatzearren, Sad Circus eta s3...y 4 Idigorasenak dira; Cronopio busca esperanza, Julio Cortázarri egindako omenaldi txikia, Oleagarena;  eta Izarrak, Rollins lanarekin Sonny Rollinsen sormena omentzeaz gain, Labirintoa dakarkigu. Jazzaren etiketaz haraindiko esperimentazioa proposatzen du diskoak, ezustekoa etengabea erakutsiz eta arauak hautsiz.