Foku

Minerren bigarren nobelak protagonistak preso duen lagun bati egindako bisita kontatzen du; azken bisita, ustez, epaiketa hurbil baitago. Orduan jabetuko da zapalkuntza mota batean murgilduta egon den bitartean beste kontraesan, borroka eta opresio mota batzuk ere izan dituela inguruan. Bada, orain du unea urteetan garrantzirik eman gabe bizi izan dituen beste zapalkuntza horiei begiratzeko. Hala, pertsonaia nagusiak oso leku ezberdinetan ikusiko du bere burua: batzuetan azpiratu, zenbaitetan konplize eta beste batzuetan zapaltzaile, unean uneko tokiaren araberakoak baitira egoerak. Ataka horretan kokatu du idazleak protagonista. Nobelak, ordea, ez du inondik inora azaltzen, egilearen hitzetan, “zein den zapalduetan zapalduena, zein den zapaltzaileak izan behar duen lekua edo zein den epelkeria barik jokatzeko modurik zehatzena”. Nagusikeria moraletik ihesi, adiskidetasuna, elkartasuna, erauzi ezin ditugun beldurrak... hartu ditu hizpide Kattalin Minerrek Turista klasea (Susa) eleberrian.


454tene
TENE MUJIKA 
beka bikoiztu egin da aurten. Batetik, Erika Lagomak eta Estitxu Fernandezek amatasunari eta feminismoari buruzko elkarrizketa sorta bat landuko dute; bestetik, Jon Abrilek emakumeen lanbideen gaineko ikerketa bat egingo du. Euskal Herriko historia hurbilaz idazteko ez-fikziozko proiektuak saritzen ditu Debako Udalak eta Elkar argitaletxeak sorturiko beka honek, eta, edizio honetan, proiektu ugari eta maila handikoak aurkeztu dira. Hala, saria aipatu bi lanei ex-aequo ematea erabaki du Idurre Eskisabelek, Imanol Muruak eta Elixabete Garmendiak osatutako epaimahaiak; eta Debako Udalak dirulaguntza bikoizteko erabakia hartu du: 6.000 € irabazle bakoitzarentzat. Orain, urtebeteko epea izango dute lana burutzeko, eta, 2022an, Elkar argitaletxeak plazaratuko ditu bi liburuak.

454haltzaren
HALTZAREN MUINOA

Anjel Lertxundi eta  Antton Olariaga
Elkar, 2020

Haltzak berak kontatuko dizkigu bizi den muinotik ikusten eta entzuten dituenak, landa ingurune bateko bizimodu lasaia, gorabehera gutxikoa. Halako batean, baina, uholde izugarri batek arbola errotik atera eta ibaian behera eramango du. Urak, bere herioan, beste hainbat gauzaki eta izaki daramatza, eta haltzak, larriturik eta izuturik, horren guztiaren berri emango digu, itsasora bidean doazela. Hori guztia janzteko, Antton Olariagaren marrazkiak dakartza liburuak.

454kilker
KILKER BAT AUTOPISTAN

Bernardo Atxaga
Pamiela, 2020

Maite Artolak Euskadi Irratian bideratzen zuen Faktoria irratsaiorako prestatutako gogoetak jaso dira liburuan, 2016ko udazkenetik 2020ko udara arte mikrofonoaren aurrean adierazitakoak. Irratirako sortu zirenez, ahozkoaren kutsua dute, baina pausoz pauso garatutako saiakera baten gisa aurkezten dira hemen, egileak berak berridatzi eta osatuta. Artolaren esanetan, "zaratak estaltzen duen hotsaren bila jo genuen Atxagarengana”. Gogoeta hauek, horren emaitza.