Jaiegun espainol eta frantsesak gogor kritikatzen ditugu, baina erlijio katolikoaren kontrako gerra galdutzat emanda daukagu. Ateoenentzat ere zaila da igandeetan jairik ez egitea, edo Gabonetan ezer gertatuko ez balitz bezala jarraitzea, edo Aste Santuan lanera joatea. Egutegiak egun gorriak behar baditu ere, noiz edo zergatik jarrita dauden pentsatu behar genuke. Nik ez dut eskatuko apirilaren 14tik 18rako egunak lanegunak izan daitezela, baina egongo da egun horiek izendatzeko beste moduren bat: aste zuria, morea, beltza edo marroia. Izan ere, izen guztiek izendatzen ari garen horren izana adierazten dute. Santu izateko bokaziorik inork ez daukan munduan, santu adjektibodun asteak ez du lekurik.
Jesu Kristoren atxilotzea, torturak eta heriotza zigorra dira Aste Santuan ospatzen ditugun jazoerak. Barre egingo duzue, baina horrela da. Biblian batere interesik izango ez duzuen arren, apirilaren erdialdean oporretara joango zarete, duela bi milurteko Jesu Kristok azken afaria egin ostean hil eta berpiztu zen arteko egunetan, hain zuzen ere. Gure herrian historia hurbilean gertatu direnak ikusita, ordea, torturapean pasatzen diren orduek gehiago dute infernutik santutik baino. Jesu Kristorenak ere antzekoak izango ziren.
Federik izango banu, Aste Santua esaten diogun aldia negarrez pasatuko nuke. Oilo ipurdia jarriko litzaidake Judasek musu eman ondoren Jesu Kristok jasan zuen guztia gogoratzean. Min emango lidake Pilatosek eskuak garbitu eta pertsona bat hain heriotza krudelera kondenatu izanak, eta amesgaiztoak izango nituzke gurutziltzatutako lapurren begiak jatera joan ziren beleekin. Benetan, federik ez dugunontzat ez du zentzurik Aste Santua izateak; fededunentzat ere, santua ez beste guztia da aste hori. Opor egun hauek ez dira beti data berean izaten, udaberriko lehen ilargi betearen arabera antolatzen delako egutegia. Heldu diezaiogun horri.