Izugarria da Interneteko enpresa handiek zenbateko boterea pilatu duten urte gutxi batzuetan. Facebook sarritan aipatu dut talaia honetan, baina ez da kasu bakarra.
Europar Batasunak GDPR delakoa, Datuak Babesteko Oinarrizko Araudia, onartu zuen 2018an. Oso irmo babesten ditu Interneten erabiltzaileon datu pribatuak, eta esaten du, besteak beste, europarroi Internet bidezko zerbitzua eskaintzen diguten enpresek Europan bertan prozesatu behar dituztela erabiltzaileon datuak, araudiaren babes zorrotz horren mende une oro daudela ziurtatzeko.
Facebook, Google, Apple, Microsoft eta beste batzuk berehala haserretu ziren araudi berriarekin. Izan ere, egoitza nagusia AEBetan dute, eta han prozesatzen dituzte datuak, erabiltzaileen eskubideak babesteko legeria askoz ere lausoagoen mende. Datuak Europan bertan tratatzea garestiegia irtengo litzaiekeela argudiatzen dute. Presio horri erantzunez, Europako Batzordeak salbuespen moduko batzuk onartu zituen, ‘Safe Harbor’ eta ‘Privacy Shield’ izenekoak, baina biak ere epaitegietan indargabetu berri dituzte.
Gogoratzen Facebooken duela aste batzuetako kasketa? Google ere ez dago askoz egoera hobean: une honetan, egunero erabiltzen ditugun haren zerbitzu asko ilegalak dira, izatez, Europan. Fran-tziak eta Austriak legez kanpokotzat jo dituzte Google Analytics bezalako zerbitzuak, webgune gehienek beren trafikoa neurtzeko erabiltzen dutena.
Araudiak bere bidea jarraituz gero, Googleren zerbitzuak laster geratu beharko lirateke legez kanpo Europar Batasuneko estatu guztietan, datuak Europan bertan tratatzen hasten ez badira: Gmail, Google bilatzailea, Android sistema eragilea, Google Analytics, Google Docs, gure ikastetxe gehienetan erabiltzen den Chrome OS sistema eragilea... Buruhauste galanta izango litzateke.
Googlek badaki zelako boterea duen hor, eta hordago itzela bota dio Europari: “Datuen babesa lasaitu ezean, gure zerbitzuak Europatik aterako ditugu”. Baietz datuak babesteko araudiaren azken bertsioa Googlek idatzi, eta ez Parlamentuak!

LOTURAK

https://eu.wikipedia.org/wiki/Google_Analytics
Google Analyticsi buruzko informazioa Wikipedian.

https://sustatu.eus
Privacy Shield araudiaren berri, 2016an onartu zenean.

https://labur.eus/EzAnalytics
Googleren gehigarri bat, zure web nabigatzailean Google Analytics blokeatzeko.