GARUN TA EZTARRI
Bananas
Zenbait zigilu, 2021

Bananas Donostiatik datoz, baina haien soinuak Bidasoa aldean azken hamarkadetan agertu diren zenbait talde ekartzen dizkigu gogora (Lisabö, bereziki), bai eta gaur egun post hardcoreari eta screamo melodikoari heltzen dieten talde modernoagoak ere. Erreferentzia guztiak gorabehera, Bananasek disko pertsonala egin du, zirraragarria eta pasioz betea, goi mailakoa, entzuleari labur egiten zaiona (ordu erdi baino gutxiago irauten du) eta, amaitzen denean, berriro jartzeko gogoz uzten duena. Taldekideak beste zenbait taldetan aritzen dira (Adrenalized, Madeleine, Hyedra), eta ez dakigu hori oztopo izango ote den Bananasen bilakaeran, baina ziur gaude etorkizunean gauza eder asko eskainiko dizkigutela.