Iker Martinez de Zuazok bakarkako hirugarren diskoa kaleratu du, Hegaldiak, oraingoan berak gidatzen duen Zaldi herrenak taldearekin elkarlanean: Martinez de Zuazok sortutako melodiak eta hitzak denen artean ondu dituzte lokalean, eta denek batera grabatu dute estudioan hamar abestiz osatutako albuma. Aurreko lanetako kantu eta kontu goibelek indarra galdu dute, eta pieza alaiagoek hartu dute tokia lan honetan. Soinu akustiko eta organikoetatik asko urrundu gabe, Zaldi herrenek azal elektrikoagoa eman diete kantuei, soinu bizi eta trinkoagoa. Hitzak, berriz, Martinez de Zuazoren harreman sarearen isla dira: inguruan izan dituen maitale eta lagunei idatzi die, betiere tonu alai eta jostalarian. “Gauza txikien garrantzi handiaz” ari da, “garena era soil eta lasaian bizitzearen garrantziaz”.

KOPLARIAK, Korrontzi taldeak eta Xabier Amurizak kaleratutako lana (Elkar, 2020), World Music Charts Europe zerrendan sartu da, 11. postuan. Zerrenda horrek nazioarteko 20 folk disko onenen bilduma berritzen du hilero, eta pasa den apirilean agertu da Koplariak. Aurretik Bosnia, Israel/Yemen, Belgika, Angola, Mali/Irlanda, Hego Korea, Hungaria/Polonia, Txekia, Cabo Verde eta Gineako albumak ditu. Xabier Amurizaren koplak eta Agus Barandiaranen trikitia daude Koplariak CD-liburuaren oinarrian.

ZERUA ORAIN
Merina Gris
Airaka, 2022

Hirukote donostiarrak bere lehen disko luzea argitaratu du. Ekoizpenean, Ed is Dead, Cris Lizarraga (Belako), Izaro eta Eneko Sagardoy artisten laguntza izan dute. Hitzetan, berriz, maitasuna, indarkeria, edertasuna, antsietatea, beldurra... ageri dira. Bide esanguratsua egiten ari da taldea, besteak beste abestien eta bideoklipen kalitatea bermatzen duen lantalde aberatsari esker.


BITAKORA
McOnak
Mauka Musikagintza, 2021

Talde lekeitiarraren hamargarren urteurrena ospatzeko argitaratutako diskoak 11 kantu dakartza, doinu alai eta itsaskorrez osatuak. Lagun askok kolaboratu dute folk, rock, punk eta zelta tradizioko lan honetan; besteak beste, Fermin Muguruzak Kontrolatzen abestian, Lide Hernandok (Liher) Bitakoraren azken orria kantan eta Gorka Sarriegik (Sorotan Bele) Ez eman hautatzeko-n.