Nafarroako Gobernua prestatzen ari den merezimenduei buruzko dekretuaren aurkako manifestazioa deitu du Euskalgintzaren Kontseiluak. Maiatzaren 7an izango da, Iruñean, 17:30ean Antoniutti parketik abiatuta. Administrazio publikoetako lanpostuak eskuratu eta betetzeko merezimenduen balorazioa arautuko du dekretuak. Zirriborroaren arabera, Nafarroako administrazioko hainbat eta hainbat lanpostutan garrantzi handiagoa emango zaie ingelesari, alemanari edota frantsesari euskarari baino. Hots, Nafarroan berezkoak ez diren hizkuntzen ezagutzari balio gehiago emango zaio euskararenari baino. Hala, administrazioan euskaraz jarduteko eta erantzuna berdin jasotzeko eskubideak ukatuko zaizkie herritarrei. Euskal hiztunen eskubideak zokoratuko dituen dekretua gaitzesteko, Herritarrak ez gutxietsi, eskubideak guztiontzat leloa izango du manifestazioak.