Ekainaren 5etik 12ra egingo da, Errenterian, Eztena arte eszenikoen 14. jaialdia, eta, beti bezala, ezohiko proposamenak izango ditu ardatz. Zizt! eta Mikelazulo kultur elkarteek Errenteriako Udalaren laguntzarekin antolatua, helburu argia izan du sorreratik: arte eszenikoetan arriskuak hartzen dituzten lanei tokia eskaintzea, dramaturgia berriei leihoa zabalduz. Aurten, honako lan hauek ikusi ahal izango dira: Metrokoadroka kolektiboaren Zeozertan dabil baina ez dakit zertan antzerki-performancea; Idoia Zabaletaren Ikusmenaren masaia / Masaje de la visión ekintza-performancea; Dxusturi Teatroaren Lakoste antzezlana; Las XL-ren Degenérate mucho; Gilkitxaroren ETAren agiri bulegoa antzezlana eta L’Alacran taldearen Makers antzerki-performancea. Horiez gain, Eztenak aurten sortutako Zizterberg beken sei pieza irabazleak ere ikusi ahal izango dira. Denak doakoak izango dira. Egitarau zehatza ikusteko eta sarrerak erosteko, jo eztena.eus atarira.

Hiria agertoki Gasteizko Kaldearten

Andre Maria Zuriaren plaza, Florida, Artium Museoa, Santa Barbara plaza... Hiriko hainbat gune arte eszenikoen jokaleku bihurtuko ditu Kaldearte Gasteizko kaleko arteen nazioarteko XVI. erakustaldiak. Ekainaren 10etik 12ra, Euskal Herriko eta nazioarteko 30 konpainiak 56 lan eskainiko dituzte, denetarikoak: antzerkia, dantza, musika... Finean, kaleko arte eszenikoen esparruaren erakusgarri izango da. Urtero egin ohi duten moduan, hasierako ikuskizun bat izango du jaialdiak. Aurtengoa, kale arteetan eskarmentu handia duten bi euskal talderen elkarlanaren emaitza: Deabru Beltzak eta Hortzmuga taldeek sortutako Senta kale ikuskizuna, lehenbizikoz aurkeztuko dutena. Richard Wagnerren Holandar alderraia operaren kaleko berrikuspen garaikidea Andre Maria Zuriaren plazan eskainiko dute ekainaren 10ean, ostiralean, eta larunbatean ere ikusgai izango da. Egitarau oparoak emango duen guztia Gasteizko Udalaren webgunean ikus daiteke: www.vitoria-gasteiz.org.

AURTEN BAI FUNDAZIOAK Resurreccion Maria Azkue hizkuntzalariak (Lekeitio, 1864 – Bilbo, 1951) egindako Euskara – Gaztelania – Frantsesa Hiztegia digitalizatu eta sareratu du. Lehendik ere topa zitekeen Interneten, PDF formatuan, aurreneko euskara hiztegi hirueleduna izandakoa, baina orain prestatutako bertsio digitalari esker askoz modu errazagoan balia daiteke. Zazpi euskalkitako iturriak baliatu zituen Azkuek hiztegia osatzeko, eta, ondorioz, hitzen gaztelaniazko eta frantsesezko esanahiaz gain, zein euskalkitan erabiltzen diren ere jakin daiteke. Hiztegi digitalak hainbat aukera ematen ditu. Esaterako, hitzak Azkueren grafian edo grafia estandarrean ikusi ahal dira, eta bilaketa konplexuak egin. Aurten Bai Fundazioaren webgunean dago hiztegia: https://aurtenbai.eus/azkue-hiztegia/.

HAINBAT jakintza arlori buruzko bideo pedagogiko libreak sortu eta sareratuko ditu Ikusgela proiektuak (Ikusgela.eus), euskaraz. Egitasmoaren leloak dioen moduan, “mundua ulertzeko bideoak” dira, eta sarean euskararen presentzia areagotzeko eta Wikipedia osatzeko balioko dute. Lehen bi bideoak maiatzean zabaldu zituzten, baina irailetik aurrera maizago sareratzen hasiko dira, datorren ikasturtea hasteaz batera. Euskal Wikilarien Kultura Elkarteak koordinatuko du proiektua, eta Hiru Damatxok ekoitziko ditu bideoak. Wikipedian eta YouTuben sortutako kanalean ikusi ahal izango dira.

FERMIN MUGURUZAREN Black is Beltza II: Ainhoa animaziozko film luzeak badu estreinaldirako data: irailaren 30a. Muguruzak 2018an aurkeztutako lanaren jarraipena da. Oraingoan, ordea, lehen filmeko Manex Unanue protagonistaren alaba, Ainhoa, da pertsonaia nagusia, eta Gerra Hotzaren azken urteetan girotuta dago. Lehen lanaren antzera, oraingoak ere beste euskarri batzuk dauzka. Hala, urriaren 6an, Susanna Martinek marraztutako komikia argitaratuko da, lau hizkuntzatan: euskara, gaztelania, katalana eta galegoa.

ALBERTO GASTESI zinemagilea bere lehen lan luzea grabatzen ari da: Gelditasuna ekaitzean. Bi lagunen arteko maitasun istorioa du oinarri, eta iraganeko eta gaur egungo garaiak uztartuko ditu. Loreto Mauleón eta Iñigo Gastesi ditu protagonista nagusi. Apirilean hasi zituen grabazioak, eta ekainean amaituko dituzte. Euskaraz eta gaztelaniaz ari dira grabatzen. Vidania Films-ek ekoitzia, aurtengo udazkenean estreinatzeko asmoa dute.

EH KOM (ehkom.eus) telekomunikazio operadore publiko-komunitarioa sortu du Udalbiltzak, Izarkom telekomunikazio operadore komunitarioarekin eta Hiritik At kooperatibarekin elkarlanean. Telekomunikazio burujabetza lortzeko urratsak egitea du helburu, baita arrakala digitala desagerraraztea eta estandar teknologiko irekien sorkuntza eta erabilera sustatzea ere. Hala, telekomunikazio sare ireki, libre eta neutralak sortu eta kudeatzeko asmoa du.