IKER GALARTZA (Amezketa, 1977) aktorea oso ezaguna da antzerkian eta telebistan, baina bera pailazo sentitzen da, batez ere. Hala, Poxpolo moduan alai eta umoretsu ibiltzen da Galartzak sortutako Gure Zirkuan, lehenengo zirku ibiltari euskaldunean. M. Egimendi. Argazkiak: Mikel Martinez de Trespuentes.

Irailean, bost urte beteko ditu Gure Zirkuak. Zer balantze egiten duzu? Gauza asko ikasi ditugu, baita ez estutzen ere. Oinak lurrean ditugula harrapatu gaitu, eta kontziente gara eutsi behar zaiola, hemendik 20 urtera Gure Zirkuaz hitz egitean inork ez dezan esan “behin izan zen...”, baizik eta geratzeko etorri zela. Egonkortzeko bidean gaude, askotan alanbrean gabiltzala sentitu arren. Kontuan izan urtero ikuskizunen bat berritu behar izaten dela, Euskal Herrian ia urtero tokatzen zaigulako herriak errepikatzea, eta hori zaila da. Adibidez, Ekain (Ibarguren), gure malabarista, ezin dugu trapezioan jarri! Lehen, zazpi pilota botatzen zituen; orain, aldiz, bederatzirekin entrenatzen da; lehen, bost maza ibiltzen zituen, eta atzo zazpi bota zituelako denok joan ginen pozik afaltzera. Daukagun jendea daukagu, berriak ere azalduko dira, baina...

Harrobia landu behar...

Dudarik gabe! Hemen ogibidea atera ezin zutelako kanpoan lanean ibili diren artista asko ditugu. Karreraren amaieran, etxera itzuli dira, eta Gure Zirkuan egonkortasun pixka bat eskaini diegu. Gurean, diziplina asko daude, eta, kirolariei gertatzen zaien bezala, urteek aurrera egin ahala bateko eta besteko minak hasten dira. Hortaz, beste irtenbide batzuk bilatu behar dira, hala nola eskolak ematea: agian, ezin duzu lehen egiten zenuena egin, baina erakusteko asko daukazu, eta gazteen artean zaletasuna sortzen ari da.

Ikastaroak ematen dituzue, ezta?

Bai, karpa handiagoa ekarri behar izan genuen pandemiagatik, eta txikia Tolosan daukagu. Hura entrenatzeko eta tailerrak egiteko erabiltzen dugu orain. Aste Santuan, harrera ikaragarria izan zuten, eta udan berriz egingo ditugu. Martxa hartuz gero, irailetik aurrera aste barruan ere bai. Horrela, ikusten gaituzten umeek apur bat esperimentatu nahi badute, aukera ederra da karpa bat edukitzea. Zirkua bakarka edo taldean egin daitekeen kirola da, eta nork bere buruarengan konfiantza izaten laguntzen du; are gehiago, sekula pentsatuko ez zenukeen zerbait egiteko gai zarela erakusten dizu. Saio xumea prestatu hiruzpalau lagunen artean, musika egokia aukeratu, erritmoari eutsi, irudimena landu... hori guztia pizten du zirkuak. Dena ez da futbola, saskibaloia edo pilota. Batzuetan, badirudi 12 urteko gazte bat kirolean aritzera behartuta dagoela, baina agian nahiago du uztaiarekin ariketa polit bat egin edo trapeziora igo eta disfrutatu.

Hasieran, dirulaguntzarik gabe egin zenuten aurrera. Zirkua ez da kultura?

Hori da! Hemen, dena biltzen da: antzerkia, gidoia, musika, akrobazia... sorkuntza, finean. Halere, laguntza eske lehen aldiz joan nintzenean, berehala konturatu nintzen aurretik frogatu beharra izango genuela egiten duguna egingarria eta benetakoa dela. Beraz, horretan hasi nintzen buru-belarri: hasieran, karpa, kamioiak eta abar ordaindu, soldatak atera... Izan ere, antzerkian nabilenean kobratzea gustatzen zait, baina gidoi bat ikasten ari naizenean inork ez dit ordaintzen. Esaterako, aurten, Zuhaitz Gurrutxagarekin Lehendakari gaia lana antzezteko, bi hilabetez egon naiz egunean hiruzpalau ordu testua ikasten. Ordainsaria gero dator, antzezlanak harrera ona badu, baina aurretik ere lana egin da, bi, lau edo berrogei emanaldi egingo dituzun jakin gabe. Horregatik, besteek ere kobratzea gustatzen zait, eta iaz azkenean jaso genuen laguntza, jendea lan baldintza duinetan aritzeko. Uste dut dagoeneko erakutsi dugula hau egin daitekeela eta kultura dela. Azken batean, 18 laguneko enpresa txikia da, bira zazpi, zortzi edo bederatzi hilabetekoa izan daiteke, eta artistak kabalak egin behar ditu bere urtea antolatzeko.

Bokazioa zirkua izan arren, soldata antzerkian eta telebistan atera behar?

Nik zirkuan disfrutatzen dut, baina lauzpabost hilabeteren ondoren, euria hasi eta dena lokazten denean, gustura hartzen dira Miramongo kafe makina eta berogailua. Lan hori ere atsegin dut, zorte hori daukat, baina ez dizkit zirkuak ematen dizkidan pozak ematen. Antzerkiak ere izugarri pozten nau; telebistak gutxixeago, baina asko eskertu behar diot ateak ireki izana. 18 urterekin Poxpolo eta Mokolo ikuskizunarekin kale eta plazetan ibiltzen ginenean, udaletxeetara eramaten genuen dosierra bazter batean uzten zuten, “eskerrik asko” esanda. Halere, Goenkalen eta Vaya Semanitan ateratzen hasi nintzenean, ateak zabaldu zitzaizkidan. Telebistako lagunekin ere gustura egoten naiz, baina zirkua beste gauza bat da.

Irabazi arte telesailean ere ikusi zaitugu, eta ETBk jarraituko duela esan du.

Eskertu behar zaio Euskal Telebistari gauza hauen aldeko apustua egitea, batez ere telesailaren ikuspuntuarengatik. Eskertzekoa da gure seme-alabek ostiral iluntzetan euskarazko zerbait edukitzea telebistan, YouTubera jo behar izan gabe. Garrantzitsua da, eta Goazen!ek ere asko egin du gaztetxoak erakartzeko. Hor apustu bat dago, eta eutsi egin behar zaio. Frogatu da gazte euskaldunek telebista euskaraz kontsumitzea posible dela. Gero, beste saio mota batzuk ere sortzen dira... Badakigu euskaldunak Tele5 asko ikusten duela, baina ez zaio gustatzen Euskal Telebistan Tele5n bezalako saioak ikustea. Hori dela eta, tarteko zerbait sortzen da, Baserria realitya eta horrelako formatuak. Batzuetan asmatzen da, baina ez beti.

Zirkura itzulita, familia handia dela esan ohi da. Topikoa ala egia?

Topikoa dirudi, baina egia da. Nork bere karabanatxoa dauka, eta gure herrixka osatzen dugu. Otorduak elkarrekin egiten ditugu, eta pista erabiltzeko gure artean antolatu beharra dugu, baina bat gaixotzen denean, zaindu egin behar da, ondoko karabanan baitaukazu. Zirkua familia ez bada, gaizki gabiltza. Batek bere emanaldia eskaini eta alde egiten badu, gauzak ez dira hobetuko. Enpresa batean, zure lana bukatzen duzunean joan egiten zara, baina hemen bestelako konpromisoa eskatzen da, elkarrekin garagardo bat hartzea, adibidez. Horrela izan ezean, beste guztia ez da ateratzen.

Xuxen aplikazioak ez du zirkuterapia hitza onartzen, baina existitzen da, ezta?

Bai, eta Xuxenek ez luke zuzendu beharko. Pandemia dela eta, zimeldu egin gara: hastapenean, denok ibili ginen txaloka eta “zein onak garen” pentsatzen; orain, ordea, beste zerbait behar dugu, barre ez ezik, negar ere egin. Malko bati ihes egiten utzi nahi diozu eta norbaitek gauzak kontatzea behar duzu, zu hartzea eta beste mundu batera eramatea, bere indar eta energia guztiarekin, gorputz eta arima! Alegia, zirkura sartu, eta kito! Kanpoan dagoena hor geratu da, eta gu hemen barruan gaude, goza dezagun horretaz, gertatzen dena gertatzen dela. Huskeria dirudi, baina gauzak kontatzen dira, musuak banatzen ditugu, txaloak eragiten, Don Martin aurkezleari mingaina ateratzen diogu, argiak alde batetik bestera, musikariak ere hortxe daude...

 

“Zirkua familia ez bada, gaizki gabiltza”

“Asko eskertu behar diot telebistari ateak ireki izana”

“Telebistako formatu berriekin, batzuetan asmatzen da, baina ez beti”

“Gure Zirkua posible, egiazkoa eta kultura dela erakutsi dugu”

“Ez dugu mandoak bezalakoak izan behar, beti geureari begira”

“Euskara ikasten hasi, eta maitemindu egingo zaitu”

Zirkua atzerriarekin lotzen dugu askotan. Etxekoa baino hobea delakoan?

Eduki izan dugu atzerritarren bat uneren batean: hemendik pasatzean, curriculuma bidali digute, gu bi lesionaturekin justu genbiltzanean, eta gurekin lan egin dute une zehatzetan. Gauzak ikasten dituzu, beste teknika batzuk, lan egiteko beste modu batzuk, eta hori ere garrantzitsua da. Ez dugu mandoak bezalakoak izan behar, beti geureari begira, inguruari ere begiratu behar zaio. Euskaldunontzat Gure Zirkuan lan egitea aukera bat da, baina norbait zerbait eranstera baldin badator eta bolada batez pertsona horrengandik asko jasoko badugu, gurean eduki behar dugu.

Batzuetan, konplexuak ere izaten ditugu euskaldunok, ala?

Bai, borroka pixka bat ere egin behar izan dugu gurea txistu eta danbolin zirkua izan ez dadin. Izan ere, konplexu horiengatik euskal musika bakarrik erabiltzen hasten bagara... Txistua oso ondo dago, baina emankizun bat tango batekin dotore geratzen bada, egin dezagun tangoarekin! Zirkua internazionala da, eta euskaldunok badakigu internazionalak izaten. Gure esentzia ukatu gabe, tangoa edo mamboa jo behar bada, Ekaini malabarrak egiteko hori gustatzen zaiolako, jo eta kito!

Gure Zirkuaz gozatzeko balio izateaz gain, zergatik merezi du euskara ikastea?

Hemen bizitzeko asmoa duenak euskara ikasi behar du, Euskal Herriak bertoko hizkuntza duelako: euskara. Uler dezakegu elkar, euskaldunok gaztelaniaz eta frantsesez ere badakigulako, baina ni leku batera banoa eta hor integratuta bizi nahi badut, horko hizkuntza ikasi beharra daukat, herriarekiko eta bertako jendearekiko errespetuagatik besterik ez bada ere. Euskara ikasten hasi, eta maitemindu egingo zaitu; eta, bide batez, jende gehiagorekin maitemintzeko aukera gehiago emango dizkizu... 

KOLKOTIK

Zer da Poxpolo zuretzat? Iker Galartzaren erremintatxo bat marra zeharkatzeko, beti errespetuz eta inori minik eman gabe.

Haserretu zara inoiz berarekin? Batez ere, ileorde berde madarikatuarekin: beroa ematen dit, eta ez naiz erabat libre sentitzen.

Zeuk egindako zein antzezlanetan disfrutatu duzu gehien? Erdibana, Jose Ramon Soroizekin. Maisu batekin jardutea izan zen.

Orain, telesailak modan daude. Zalea zara? Ez, baina semearekin Cobra Kai ikusten dut, karatea gustatzen baitzaio.

Zer ikusten duzu ispiluaren aurrean jartzen zarenean? Denbora aurrera doala, abiadura handian zahartzen ari naizela.

Nola ikusten duzu zeure burua 20 urte barru? Zirkuan. Gazteei agintzen eta marmarka, niri noiz tokatzen zaidan galdezka.

Biharko egunkarian ikusi nahiko zenukeen albistea? Hurrengo mundu txapelketetan Euskal Selekzioak jokatuko duela.

Etxeko zeren falta nabaritzen duzu zirkuan bizi zarenean? Sofarena.

Eta zirkuko zer falta zaizu etxean zaudenean? Dena, bizimodua bera.

Zerk galarazten dizu loa? Ezerk ere ez. Pentsamendu txarren bat bururatzen bazait, baztertzeko abilidadea daukat.

Zer egiten duzu erlaxatu beharra duzunean? Arnasa hiru aldiz hartu, eseri eta garagardo bat edan.

Pailazo izateak daukan gauzarik onena? Jendea irribarrez edo barre algaraka lehertu, eta zure lana eskertzen duela. Eta umeek zurekin argazkitxo batzuk atera nahi dituztela...

Eta txarrena? Inorekin hitz egiteko gogorik ez duzunean ere hitz egin behar duzula.

Sukaldean, zer ateratzen zaizu oso ondo? Hozkailuko soberakinekin egindakoa, horretan espezialista naiz.

Zerk ateratzen zaitu zeure onetik? Jarrera negatiboa duen jendeak. Eta builak eta errietak ezin ditut +++eraman3.

Zerk ematen dizu beldurra? Teknologiak, eta gure seme-alabei zer datorkien ikusteak. Umeek ez dakite aspertzen.

Zerk ematen dizu lotsa? Hizkuntza gehiago ez jakiteak. Frantsesa ikasteko aukera izan eta ez dut aprobetxatu.

Zerk eragiten dizu barre? Oso barre errazekoa naiz, oso basikoa... Bud Spencer-en filmek.

Bi hitzetan, nolakoa da Iker Galartza? Langilea eta hitza beti betetzen saiatzen dena.