Zierbena udalerriak, Bizkaiko Meatzaldean, sei gune edo auzo ditu: La Arena (hondartza), portua, Aldapa (udaletxea bertan dago), San Mames, Kardeo eta Valle. Gure ibilbidea hondartzan hasi eta portuan amaituko da, Luzuero menditik eta Aldapa auzotik igarota. M. Egimendi. Argazkiak: M. Egimendi.

Sei kilometro inguru dira, gehi mendi gailurrean egin ditzakegunak, barrendegi militarra arakatu eta paisaiaz gozatzeko. Hondartza atzean utzita abiatuko gara San Mames auzorako errepidean (BI-3794) gora. Metro gutxira dago Luzueroko bidearen hasiera, ezkerretara.

Asfaltoa berehala bihurtzen da porlan, eta horrela jarraitzen du zati batean, Bilboko superporturako errepidera heldu arte. Hori gurutzatu behar da lurrezko bidea hartu eta mendian gora jotzeko. Igo ahala, hondartza gero eta beherago ageriko zaigu, eta, itsaso aldera begiratuz gero, Kantabriako kostaldeko zati ederra ere izango dugu aurrez aurre.

Igoeran, tarte batzuk zelai lauak dira, beste batzuk bidezidor malkartsuagoak, baina guztira 300 metro inguru baino ez da igotzen barrendegi militarrera heltzeko. Han, Uribe Kostako itsasertza ere begi bistan izango dugu. Garai bateko aztarna militarrak atzean utzita, berehala helduko gara Luzueroko gailurrera (307 m), nondik ederki eta hurbil ikusten den Serantes mendiaren tontorra.

Jaisteko, bi aukera ditugu. Batetik, aurrera jarraituta, bidezidor estu eta harritsua. Bestetik, etorri garen bidetik atzera egin eta, kanoiak eskuinean utzita, pixka bat beherago ezkerretara dagoen lurrezko bidea, zabalagoa eta erosoagoa, kuartel militar hondatuaren aurretik pasatzen dena. Biak amaitzen dira Bilboko superportuaren gainetik doan porlanezko bidean, Aldapa auzora iritsi aurretik.

Aldapa auzoan, udaletxera heldu baino pixka bat lehenago, ezkerretara, Gizarte Etxea dago. Bada, hortik beheraka doan oinezkoen bidea hartuta helduko gara portura. Bide eroso eta freskoa da, zati asko arbolapean egiten dira, eta Lourdes Etxaniz parketik pasatzen da. Portura heldu aurreko metroak arretaz egin behar dira, bideak N-639 errepidearekin bat egiten duelako, baina behin portuan sartuta hainbat taberna eta jatetxe, umeentzako jolas parkea, itsasoko urez hornitutako igerileku txiki bat eta eguzkitan etzateko atondutako lekuak aurkituko ditugu. Horri guztiari begira, arrantzaleen omenez egindako estatua.

Portuan atseden hartu ondoren, hondartzara itzultzeko autobusa hartuko dugu, errepidera igota: 3321 lineakoa orduero pasatzen da, eta hogeian, gutxi gorabehera. Ordu erdi eskasean helduko gara La Arena hondartzara, oso egokia ibilbidean nekatutako oinak freskatzeko. Baita ume txikientzat ere marea behean dagoenean, hondarretan lasai jolasteko aukera ematen duten putzu handi asko sortzen direlako. 

Zenbait ohar:

- Eguraldi ona badago, komeni da hondartzako aparkalekura 10:30erako iristea, azkar betetzen baita.

- Bestela, hondartzara heltzeko, Bizkaibus autobus zerbitzuko linearen bat erabil daiteke: www.bizkaia.eus.

- Mokaduren bat hartzeko, arazorik ez: hainbat jatetxe daude hondartzan, portuan zein Aldapa auzoan (prezioak ere, hainbat). Jatekoa norberak eramanez gero, ostera, nahikoa da edonon esertzea.