Heldu den urtean, euskoak (tokiko euskal monetak) 10 urte beteko ditu. Euskal Moneta erakundeak jaulki zuen “tokiko diru euskaldun, ekologiko eta solidarioa, tokiko ekonomiari bultzada emateko asmoz eta bertako gizartearen eta kulturaren onurarako”. Anitz garatu da abian jarri zenetik, eta gaur egun Ipar Euskal Herriko mila saltokitan baino gehiagotan erabil daiteke. Zuk erabiltzen duzu?

Baionako AEK gau eskolako A2 mailako taldea

1. Pantxoa

Iparraldean, jende gero eta gehiagok erabiltzen du euskoa. Baliagarria iruditzen zait, baina oraindik ez dut erabiltzen. Nik ere hasi nahi dut!

2. Didier

Gure lantegian bezeroei euskoa proposatzen diegu, baina jende gutik baliatzen du. Gure lanbidean ez dela baliagarria iruditzen zait.

3. Kattalin

Oso garrantzitsua dela uste dut tokiko ekonomiari eta euskal nortasunari bultzada emateko. Dendetan eta ostatuetan euskoa erabiltzen dut ordaintzeko.

4. Dominique

Euskoa hasi zenetik erabiltzen dut, uste dudalako oinarri biziki interesgarria dela. Baina ene iduriko, barnealdean ez da erraza euskoak eskuratzea.

5. Laura

Usu, moneta bat erabiltzeak euskaldunak bateratzen ditu. Tokiko enpresen publizitatea eginez, ekonomia garatzen du. Aldaketak luzeak dira, pazientzia!

6. Isabel

Nik ez nuen erabiltzen tokiko moneta. Baina pixkanaka-pixkana ulertu dut parada ona dela gure gizartea aldatzeko, denda eta erosle berriak erakarriz.

7. Marc

Nik pixka bat baliatzen dut, baina Bidaxunen toki gutitan erabiltzen ahal dugu. Nire ustez, biziki ongi da, tokiko ekonomiari bultzada ematen diolako.

8. Pantxika

Bai, euskoak ekonomia espekulaziorik gabe garatzen baitu. Baina ezin da euskoz ordaindu leku guztietan. Ea euskal mobilizazio batekin hobetzen den!

9. Antonia

Noizbehinka erosketak euskoekin egiten ditut. Erraza da: 1 eusko = 1 euro. Proiektu hau gustatzen zait, Iparraldeko ekonomia sustatzen duelako.