Ez dakit zergatik egin behar den pedagogia ariketa erabat logikoak behar luketen gaiekin. Ez dakit zergatik azaldu behar dugun mila eta hirugarren aldiz ez dugula beldurrez bizi nahi. Ez dakit zergatik asaldatzen den jendea emakumeok jarrera oldarkorra erakusten dugunean: horixe da gure bizitza osoan gurekiko pairatzen duguna. Ez dakit zergatik ez den ezer gertatu behar eraso matxisten kontrako manifestazioari tu egiten diotenean. Ez dakit zergatik pentsatzen duten zenbaitek ez dugula erantzun behar. Ez dakit zergatik jarraitzen dugun horrela. Ez dakit zergatik egon diren dozenaka ziztada uda honetan ere. Ez dakit zergatik egin dituzten gure hiriburuetako alkateek jaien balorazio onak, halakoak gertatu direla jakin arren. Edo bai, badakit eta badakigu zergatik ari den gertatzen gure kontrako eraso hau guztia. Patriarkatua, heteroaraua, matxismoa eta emakumeen kontrako indarkeria ez dira paperean ematen duen bezain urruti gertatzen. Askotan, gure ondoan bizi da hamabost urteko neskei lizunkeriak esaten dizkien gizon hori, eta ez dugu ezer esaten betidanik ezagutzen dugulako. Edo gure lehengusua da feministak gauzak lekutik ateratzen ari direla esaten duena, edo gure lankideari iruditzen zaio homosexualitatearen gehiegizko alardea egoten dela, edo gure zumba irakasleak pentsatzen du mutilek ez luketela dantzarik egin behar. Eta gu, askotan, isildu egiten gara. Isiltzen gara bizitza osoa daramagulako piropoen eta botere harremanen arteko aldea azaltzen, bizitza osoa daramagulako gauez kotxera arin samar joaten, bizitza osoa daramagulako guk bizi ditugun gauzak bizi ez dituzten beste batzuek nola esplikatzen dituzten entzuten. Bizitza osoa indarkeriari eusten. Zuzenean edo zeharka, baina indarkeriari eusten. Uda honek desberdina behar zuen, baina antzeko samarra izan da.