40. urteurrena beteko dute Azpeitiko Euskal Antzerki Topaketek. Azaroaren 1etik 20ra egingo dira, eta 40 urtean egindakoak toki berezia hartuko du. Esaterako, herritarren parte hartze handiagoa. Horren adibide, Herriye antzezlana, topaketei hasiera emango diena, non 50 azpeitiarrek baino gehiagok parte hartuko duten. Aurten, guztira, 11 antzezlan eskainiko dituzte. Tartean, bi estreinaldi: Metrokoadroka Sormen Laborategiaren Zeozertan dabil, baina ez dakit zertan eta Mairu antzerki taldearen Intxaurra. Bestalde, azaroaren 12an, 40. Topa ekitaldia egingo dute, orain arteko ibilbidea gogoratzeko. Ibilbide horri erreparatuko dio, halaber, topaketetako argazki zaharrekin azaroaren 20ra arte zabalik izango den erakusketak. Corrado Masacciren txotxongiloen erakusketa ere izango da. Antzerki emanaldiez gain, eskoletarako propio antolatutako emanaldiak eskainiko dituzte. Egitarau zehatza antzerkitopaketak.eus webgunean jaso dute. Sarrerak ere bertan eros daitezke.

Horman Poster, espaziora begira

Souvenir, komeria estralurtarra izeneko antzezlana estreinatuko du Horman Poster kolektiboak, azaroaren 10ean, Bilboko Arriaga Antzokian. Antzezlaneko hiru protagonistak “zientzia eta utopiaren artean kokatutako” astronauta entrenamendua garatzen ari dira denboraldi batez, espazioaren konkista izango dena prestatzeko. Izarrei begiratzea, ordea, ispiluan begiratzeko entrenamendu bilakatuko zaie protagonistei, eta, pixkanaka, misioaren argi-ilunak ezagutuko dituzte ikusleek. Testua eta dramaturgia kolektiboko kideek atondu dituzte, eta zuzendaritzaz Igor de Quadra eta Jon Ander Urresti arduratu dira. Matxalen de Pedrok, Xanti Agirrezabalak eta Maite Aizpuruak gorpuztuko dituzte hiru protagonistak. Estreinaldiaren ostean, azaroaren 13an Azpeitian ikusi ahal izango da, Euskal Antzerki Topaketetan; Errenterian, berriz, hilaren 26an.

EUSKARALDIAREN testuingurua baliatuta, Pantailaldia ekimena antolatu du Pantailak Euskaraz taldeak, azaroaren 11tik 18ra. Bi helburu nagusi izango ditu: batetik, euskarazko edukien kontsumoa areagotzea, eta, bestetik, hori egiteko dauden zailtasun eta gabeziak azaleratzea. Pantailaldian parte hartzeko, Pantailak Euskaraz taldearen webgunean (www.pantailakeuskaraz.eus) eman behar da izena. Parte hartzaileei eskatuko zaie euskarazko ikus-entzunezkoak ikustean izandako bizipenak eta zailtasunak sare sozialetan jartzeko, baita beren profiletan Pantailaldiaren logoa jartzeko ere. Ekimenak irauten duen egunetan, bestelako jarduerak ere egingo dituzte. Adibidez, azaroaren 13an, euskaldunek zinemetan jasaten duten “diskriminazioa” salatuko dute protesta batean.

 

AZAROAREN 11tik 18ra egingo da Zinebi Bilboko Dokumentalen eta Film Laburren Nazioarteko 64. Zinemaldia, eta, guztira, 147 film eskainiko dituzte, iaz baino 24 gehiago. Euskaraz, hiru film labur izango dira. Aurten, hiru Ohorezko Mikeldi sari banatuko ditu jaialdiak: Agnieszka Holland zinemagile poloniarrari, Albert Serra zuzendariari eta Iñigo Salaberria zinemagile zendu berriari.

NOMOFOBIKAK konpainiaren Kris eta Krash ile apaindegia antzezlanak irabazi du 2022/23ko Poltsiko Antzerki Sorkuntza programa, eta Ion Martinez Esnaola Txiki komikoaren Diskoberri Txanel: euskaldunon jatorria finalista izan da. Saritutako lanek antzezlanak garatu eta ekoizteko laguntza jasoko dute. Horrez gain, Donostiako 32. Poltsiko Antzerki Jaialdian estreinatuko dituzte, eta, horregatik, irabazleak 2.500 euro eta finalistak 2.000 euro jasoko dute.

GAZTEEN KEZKETATIK abiatuta gogoeta pizteko, Geruzak proiektua sortu dute Elkar argitaletxeak eta Jakin aldizkariak. Euskaratik eta euskaraz, gazteen artean feminismoa, soziolinguistika, kultura eta pentsamendua lantzeko ikus-entzunezko sorta bat biltzen du geruzak.eus webgunean. Gai bakoitza lantzeko dokumentala du, eta material osagarri propioa. Oraingoz, sei dokumental egin dituzte. Abendura bitartean, dokumentalen aurrez aurreko estreinaldiak egingo dituzte Euskal Herriko zenbait tokitan.

BILBOKO PABILIOI 6 aretoak lehen aldiz ekoitzi du lan bat euskara hutsean: Dennis Kellyren Love & Money. Idoia Barrondok euskarara ekarria eta Cécile Marquetek zuzendua, zorpetutako bikote baten gainbehera kontatzen du, aldi berean, umorez eta gordintasunez, kontsumo gizarteari eta neoliberalismoaren indarkeriari buruzko gogoeta eginez. Arriaga Antzokian estreinatu zuten, urriaren 26an, eta, azaroaren 4tik 27ra, Zorrotzaurre auzoko Pabilioi 6n bertan antzeztuko dute, ostiral, larunbat eta igandeetan.