Hau da Miren Narbaiza Martiartuk MICE izenarekin (bere bakarkako proiektua) argitaratu duen hirugarren lana. Zortzi abestik osatzen duten diskoa sortzeko, rocka izan du berriro abiapuntu. Izenak, berriz, duela urte batzuetatik bizitoki duen paisaia arabarrari egiten dio erreferentzia. Joseba Baleztenak ekoitzi eta grabatu du, Gakobeltz Hit Faktorian, eta Forbidden Colours diskoetxeak editatu. Taldea honako musikari hauekin osatu du: Mikel Santxez baterian, Ibai Gogortza eta Joseba Baleztena gitarretan, Iñigo Telletxea baxuan, Aitor Garcia de Vicuña teklatuetan eta Miren bera ahotsean. Aurkezpen bira hasita, hauek dira MICEren hurrengo hitzorduak: hil honen hasieran Katalunian ibili ondoren, 19an Gernikan joko du, 20an Elbeten, 26an Leitzan eta abenduaren 9an Durangon.

GURE BAZTERRAK FEST festibalaren 5. edizioa azaroaren 5ean egingo da, Zestoan. Lau talde igoko dira oholtzara: Grises, Merina Gris, J Martina eta Neomak. Antolakuntzaren aldetik, genero irizpideak eta berdintasuna hartu dira oinarri, eta horren isla izango dira talde guztietan parte hartuko duten emakumeak, talde guztietan gutxienez emakume bat egotea ezinbestekotzat jo dutelako. Hala, jaialdiaren ahalik eta alderdi gehienetan aldarrikatuko da emakumeen ikusgarritasuna.

ZURE MUGADUN HUTSUNE
Dena

Bonberenea Ekintzak, 2022

Errealitateaz kantatu du talde ondarroarrak bere bigarren lanean: eguneroko borroka txikiak, erabakiak eta zalantzak, harremanak, galderak eta galerak... 2020 eta 2021 artean sortutako bederatzi abestirekin datoz, etxean eta etxekoekin egindako eta Karlos Osinagarekin grabatutako kantuekin. Xabat Ituarte bateriak, Unai Aretxabaleta baxuak eta Beñat Eizagirre gitarra eta hitzen egileak osatzen dute banda.

ARIMA SOUL
Arima Soul

Elkar, 2022

Mikel Makalaren eta Lidia Insaustiren soul musika proiektuari Paul San Martin eta Gorka Gaztanbide gehitu zitzaizkion geroago. 2020an Pottoko estudioan bost kantu originalez osaturiko EP bat grabatu eta 2021ean binilozko single bat argitaratu ostean, hainbat kontzertu ere eskaini dituzte. Orain kaleratu dute lehen albuma. Zortzi kantu ditu, eta udaberrian grabatu zuten Víctor Sánchez soinu teknikariarekin.