AZTI zentro zientifiko eta teknologikoko zientzialariek jakin berri dute hegaluzeak nondik nora ibiltzen diren Bizkaiko Golkoko uretatik alde egiten dutenean. Marka elektronikoen erabilerari esker jakin dute negu partean mendebalde aldeko eremu atlantiko urrunak bisitatzen dituztela eta ehunka metroko sakonera handitan ibiltzen direla. Hegaluzearen migrazio ibilbidea Vincent Galland arrantza ontzi frantziarrari esker ezagutu ahal izan da, duela hilabete batzuk erraietan miaketa gailu txiki bat zeraman ale bat harrapatu zutelako Irlandako hegoaldean. Hain zuzen ere, Iñigo Onandia itsas ikertzaileak jarri zion marka elektroniko hori hegaluzeari, bi urte lehenago, bere aita Romanen arrantza ontzian zebilela. Arrantzale frantziarrek AZTIko laborategira bidali zuten gailuak erregistratuak zituen hegaluze gazteak bi urtean egindako joan-etorriak.