Teknikoki, Internet informazioa erraz eta azkar partekatzeko sarea da, kode eta protokolo estandarren bilduma erraldoia, gailuak eta aplikazioak beren artean zein pertsonokin erraz komunikatzea ahalbidetzen duena.
Komunikazioa errazteko baliabide horien gainean eraiki da orain arte ezagutu dugun Internet. Enpresa batzuk asko hazi dira azken urteotan informazio truke horretan, alde ekonomikotik zein pixkanaka bereganatu duten eragin eta boterearen aldetik.
Eta zenbat eta gehiago hazi, orduan eta traba handiagoa egiten die erraldoi horiei Interneten oinarrizko izaera irekiak. Poliki-poliki, informazioa trukatzeko diseinatutako tresnak baztertu egin dira, eta horien ordez sistema itxiak sortu, bakoitzak berea, azken erabiltzaileok zerbitzuak ordaintzera behartzeko, dela diruz, dela norberari buruzko informazioa emanez.
Baina iritsi da une bat non oso zaila den Interneti etekin gehiago ateratzea, gaur egun duen forman, behintzat. Hau da, negozioa handitzeko, sarea goitik behera berregin behar da, egungoak bere goia jo duelako.
Horixe da, eta ez besterik, Facebooken jabea ditxosozko metabertsoarekin zabaltzen ari den alamenaren arrazoia. Metak beste sare bat eraiki nahi du, berak goitik behera kontrolatuko duena, erabiltzaileen zein zerbitzu emaileen informazio guztia bere eskuetatik pasatuarazita.
Proposatu diguten metabertsoan, artikulu hau Metan erositako ordenagailu birtualean idatziko nuke, Metan eskuratutako softwarearekin, eta Metaren bidez emandako mezularitza zerbitzutik bidaliko nuke erredakziora. Metak niri kobratuko lidake bertan egotea, eta bai ordenagailu birtualari bai testu editoreari bai mezularitza zerbitzuari ere kobratuko lieke zerbitzua bere bidez emateagatik. Eta, hori guztia gutxi balitz bezala, zehatz-mehatz jakingo luke nik zer, nola, noiz eta norekin egiten dudan. Ulertzen dut Mark Zuckerbergek amets hezeak izatea ideia honekin, eta milioiak xahutzen aritzea egia bilakatzeko, baina, niri neuri nahiko panorama zatarra iruditzen zait.

https://labur.eus/metanaiz
Metabertsoari buruzko azalpenak, Unai Elordi adituaren ahotik, Naiz Irratian

https://labur.eus/zulora
Metabertsoa, blockchain eta NFT teknologien gaineko tertulia Zulora podcastean

https://labur.eus/metawiki
Metabertsoaren definizioa Wikipedian