Neomak taldeak bere lehen diskoa kaleratu du udazkenaren atarian (Neomak, Airaka), udaberrian eta udan kontzertu mordoa eskaini ondoren. Aurtengo martxoan Haritz Harreguyren gidaritzapean grabatu eta Alejandro Jimbo Paezek ekoitzitako lanean, zazpi kantu jaso ditu, horietako bat, XXI. mendekua, Oihana Aranaren eta Haizea Aranaren hitzekin. Zazpi taldekideek Kepa Junkeraren bi diskotan parte hartu zutenean ezagutu zuten elkar, eta orain proiektu tradizional bezain berritzailea sortu dute, musika elektronikoa trikiti eta pandero tradizionalekin uztartuz. Hala, Eneritz Aulestiak, Alaitz Eskuderok, Leire Etxezarretak, Irati Gutierrezek, Maria Lasak, Amets Ormaetxeak eta Garazi Otaegik, Junkerarekin mundu osoko oholtzetan ibili ziren sorginek, musika proiektu berria dute esku artean.

BULEGO taldeak Gure bizitzako lehen bira lana eramango du Durangoko Azokara. Disko berriarekin batera, liburuxka bat eta QR kode baten bidez ikusi ahal izango den dokumentala ere argitaratu dituzte azkoitiarrek, 2022an eman dituzten kontzertuetako irudiekin eta taldekideen testigantzekin. Dagoeneko zabaldu ditu taldeak bere sare sozialetan Barbara Fernandez zinemagileak zuzendutako ikus-entzunezkoaren lau atal.

 

EKOGRAFIAK
Lorelei
Elkar, 2022

Taldearen agurretik bi hamarkada iraganda, Mikel Gorosabelek eta Asier Serranok antzokietara itzultzea erabaki dute. Denborak ematen duen heldutasunez, beren eskaintza pop-rock lirikoa birpasatzeko asmoa dute, Antxon Sarasua eta Loiola Madera musikariekin batera. Eta agertokietara berriro itzultzeko gogo hori entzuleei eskainitako disko honekin biribildu nahi izan dute, hamar kantu berri sortuta.

ZU LO HAN
Nize
Atico Stereo, 2022

Lau kantu sartu ditu Nize taldeak bere bigarren diskoan. Lehena (Ezin) pandemia betean kaleratu ostean dator Zu lo han. 2021eko otsailean grabatu zuten Bilboko El tigre estudioan, Jon Agirrezabalagaren eta Xabier Egiaren laguntzaz. Andrea Plazak (gitarra eta ahotsa), Intza Arakistainek (bateria) eta Niko Bortolinik (baxua) osatzen duten taldeak post rocka egiten du, batez ere, doinu ilunekin.