“Modu askotan egon naiz Erroman, baina ez fisikoki”

Idazle bat? Emily Dickinson.
Opari egiteko liburu bat? Azkenaldian, neurea oparitzen ari naiz, Poema liburu bat. Argitaletxeak 50 ale eman dizkit.
Irakurtzeko lekurik onena? Parke edo kafetegi bat.
Zer gosaltzen duzu? Kafesnea eta ogi txigortua tomatearekin edo marmeladarekin.
Bestondoari aurre egiteko erremediorik onena? Zopa lodia.
Zein esaldi edo esakune errepikatzen duzu askotan?Nola iritsi naiz honaino?”.
Zertan ez zaizu inporta gehiegitxo gastatzea? Afari batean, bikotekidearekin edo lagunekin bada.
Norekin joango zinateke trago batzuk hartzera? Pilotari kuadrilla batekin.
Pertsonaia historiko bat? Sebastian Castellion.
Zer dago traban zure etxean? Bikotekideari esker, ez dago ezer traban gure etxean. Tira, agian, ni neu.
Joateko asmoa daukazun leku bat? Erroma. Modu askotan egon naiz bertan, baina ez fisikoki.
Zure lehen mito erotikoa? Farinelli filmeko protagonista edo Peugeot 106ren iragarkiko Mark Vanderloo. Biak 1994koak.
Zure bertuterik onena? Adeitasuna.
Zure akatsik handiena? Alferkeria.
Besteengan errazen barkatzen duzuna? Gezurra, hain da gizatiarra.
Eduki nahiko zenukeen eta ez daukazun dohaina? Hizkuntza gehiagotan hitz egin ahal izatea.
Badakizu aurreskua dantzatzen? Ez.
Lurpera, erraustu ala zure gorpua zientzia ikerketarako? Ez dut neuk erabakiko.