Jokin Revilla González
León (Espainia), 1946

1958an heldu zen jaioterritik Bizkaira, Zallako Paulinos ikastetxera, barneko ikasle. Gero, Bilboko Otxarkoaga auzora joan zen bizitzera. Han, “Arbolantxako baserritar batzuek” baino ez zuten euskaraz hitz egiten, baina Revillak bertako apaiz batekin hartu zituen bizkaierazko eskolak, 1972an. Usoa Alberdi Fernández.

Nolatan iritsi zinen euskarara?
Lehen harreman hura gozoa izan zen, gutxi aurreratu arren. 1979an, Bilboko udaletxean hasi nintzen lanean, mendeko. Orduan, lanerako ez zuten euskara eskatzen, baina han hasi nintzen ikasten. Batetik, lehen lanorduan, eskola izaten genuen egunero, AEKn ikasi genuen. Bestetik, barnetegiak. Ni Lakuntzan eta Lazkaon egon nintzen.
Zergatik erabaki zenuen ikastea?
Jendaurrean lan egiten nuelako. Garai hartan, ez zuen prestigio handirik eta, euskara ikasteko baimena eskatu arren, ez zidaten eman. Halere, aurrera egin, eta esan nien: “Agintzen duzuenok ez badidazue baimenik ematen, oztopoen gainetik pasatuko naiz eta euskara ikasiko dut”. Bigarren hizkuntz eskakizuna eskuratu nuen, orain mendekoei eskatzen zaiena.
Nolako prozesua izan zen?
Gorabeheratsua. Ez nintzen gaztea, eta inoiz ez dut hizkuntzak ikasteko erraztasunik izan. Baina argi neukan udaletxera hurbiltzen zen edonork euskara erabiltzeko eskubidea zuela. Denborarekin, euskararen aldeko militantzia areagotu egin zen. Halere, sinesgaitza bada ere, gaur egun erakunde batzuetako sarreran edota zaintzan ez dago langile euskaldunik. Eta erakundeok zuzentzen dituztenei bost axola.
Zer izan da zailena zuretzat?
Idaztea, beti. Azterketa idatzia ez dakit nola egin nuen, baina elkarrizketan euskara ikasi nahi nuela esan nien, gehienbat hitz egiteko: “Sarreran nago eta hurbiltzen diren guztiei ondo erantzun behar diet”.
Une barregarriak ere sortuko ziren...
Barregarria baino, tristea eta penagarria izan zen EAJko zinegotzi bati egunero “Egun on” esatea eta hark “Buenos días” erantzutea. Bestalde, benetan pozgarria izan da etorkin afrikarrak euskaraz hitz egiten entzutea.
Gustuko hitza edo esamoldea?
Hitza, “aniztasuna” gustatzen zait, horren barruan norberaren hoberena jar daitekeelako. Esamoldea, “Ez dago gorringorik gabeko iraultzarik”.
Trikimailuren bat?
Zein herritan bizi garen jakitea, eta hizkuntza dela herriaren benetako bihotza. Bihotzik gabe ezin gara bizi!