Abenduaren 7tik 11ra ospatuko da Durangoko Azokaren 57. edizioa, pandemia aurretik ezagutzen genuen antzera, EztanDA! lelopean. Durango euskal kulturaren plaza bilakatuko da berriz ere, sortzaileak gertutik ezagutzeko, kultur ekoizpenak eskuratzeko eta euskal giroaz gozatzeko. M.Egimendi.

Durangoko Azokak ohiko formatua berreskuratuko du aurten, azken bi urteetako egoera bereziaren ostean. Azokako unibertso osoa itzuliko da bere onera: aspaldiko lagunekin topatzea, sortzaile gustukoenaren sinadura lortzea, kontzertu baterako edo antzerkirako plana egitea, hitzaldi interesgarriak entzutea, etxeko umeekin tailerretan aritzea… Gerediaga elkarteko presidente Nerea Mujikak esker ona azaldu zien, 57. edizioaren aurkezpenean, “azken bi urte zailetan Azokari babesa eman dioten sortzaile, kulturzale, eragile eta babesleei”. Eskertuta agertu zen pandemiak eragindako egoera “zaila” izan arren “Azokak bizirautea eta aurrera egitea lortu” duelako. Aurten, “zorionez, ospatzeko garaia” iritsi dela erantsi zuen. Izan ere, gaitzak ekarritako guztia ez da txarra izan; adibidez, aurrez aurreko salmentaz gain, pandemiagatik hasitako online dendak jarraipena izango du aurtengoan ere (abenduaren 7tik 10era), parte hartzaileei salmentarako aukera gehiago eskaintzeko eta bertaratu ezin diren kulturzaleei erosketak ahalbidetzeko.

Ikasleak bueltan
Aurten, Ikasle Goiza ere lehengora itzuliko da, eta hasiera emango dio Azokaren 57. edizioko egitarauari. Azken urte bietan ez bezala, Azokako lehenengo egunean milaka ikasle batuko dira Landako gunean. Izan ere, Azokak hainbat jarduera antolatu ditu haientzat, eta eskaintza anitza izango dute aukeran hainbat diziplinaz osatutako egitarauan: komikiak sortzeko tailerrak, literakzioa, antzerki sorkuntza, collage tailerra... Horrez gain, hirugarren urtez, PortaDA! erronka antolatu da Lehen Hezkuntza eta DBH eta Batxilergoko ikasleentzat: edozein garaitako disko azalen irudiak birsortzea izango da lehiaketaren helburua. Bestalde, eta aurten lehenengo aldiz, hezitzaileentzat ere antolatu dira tailerrak, hezkuntzarako baliabide digital libreei buruzko saioa, esaterako.

Guneak bor-bor
Talaia, Ahotsenea, Irudienea, Kabi@, Saguganbara eta Szenatokia guneetan, kultur ekitaldi ugari egongo dira bost egunez, 200 baino gehiago guztira. Horien berri zehatza izateko, onena Azokaren webgunean begiratzea da, baina bat azpimarratzekotan, Ahotsenearen 15. urtemuga aipatu behar. Aurten, guztira, 47 musika banda igoko dira agertokira beren azken lana aurkeztera. Goizeko 11:00etatik 22:00ak arte, etenik gabe entzungo da zuzeneko musika Azokarako irekiko den Plateruena Kafe Antzokian (abenduaren 7an, 14:30ean hasiko dira kontzertuak). Liburu aurkezpenak, berriz, Bartolome Ertzilla Musika Eskolan egingo dira, abenduaren 7ko arratsaldean hasita. Solasaldi horietan ere hainbat sortzailek aurkeztuko dituzte beren ekoizpenak (literatur lanak, komikiak, antzerkia, poesia liburuak...), berbaldi formatuan.
Egitarauari dagokionez, bada Durango osora zabalduko den beste berrikuntza bat ere: abenduaren 9an, Gazte Eztanda eguna ospatuko da, hainbat jarduerarekin: elektrotxarangak, ginkana EuskarAbenturako kideekin elkarlanean... eta gazte bazkaria ere bai, norberak etxetik eramandako ogitartekoa lagun artean jateko.

AIZU!-AEK, Artekale 18.ean
Kulturaren plazan parte hartuko duten argitaletxe, diskoetxe, ekoiztetxe, elkarte, erakunde, banatzaile eta autoekoizleek 248 erakusmahai izango dituzte Landako gunean, goizeko 10:30etik iluntzeko 20:00etara. Horien artean, AIZU!-AEKren standa egongo da. AEKren material didaktikoaz gain, AIZU!k aurten kaleratutako 10 zenbakiak salgai egongo dira; abendukoa, labetik atera berria, Gari musikaria azalean duela. AEKren aldizkariak, gainera, Azoka amaitzean Hertzainak taldearen azken bi kontzertuetarako bina sarrera zozkatuko ditu harpidedun guztien artean. Azokan bertan ere egin ahal izango da harpidetza, paperean nahiz online, urtebeterako eskaintza berezia aprobetxatuta: paperezkoa 6,40 € merkeago ordaintzeaz gain, AIZU!ren 40. urteurreneko poltsa eta 2023ko egutegia opari jasoko dira.

ZENBAIT GUNE

Martxel Zubia - Saguganbara
57. Durangoko Azokako Saguganbara gunea euskal sortzailez bete-beteta dator. Guztira, 25 familia ikuskizun, tailer, antzerki, ipuin kontalari eta liburu aurkezpen izango dira ikusgai. Tartean, aipatzekoak dira Etxepare saria jaso duen Eider Adeletx eta Iban Illarramendiren Kiratsa lanaren aurkezpena, Irati Celestino eta Amaia Elizagoienen Amaiur liburuaren aurkezpena, Potx eta Lotx pailazoen Potx eta Lotx, aireportuan antzezlana edota Mireia Delgado durangarraren Literakzioa tailerra.
Ez dut galduko...
Ahotseneako militantea izan naiz urtero, eta aurten ez da gutxiago izango. Baditut hainbat disko aurkezpen begiz jota, MICErena, esaterako. Saguganbarako joan-etorriek uzten badidate, Irudieneako Irati filmaren aurkezpenera hurbiltzea ere gustatuko litzaidake. Eta, nola ez, ez da faltako Azokako standetan zeharreko urteroko paseotxoa ere.

Diana Franco - Kabi@
Kabi@ gunea eremu digitalari loturiko komunitateen topagunea da Durangoko Azokan, eta, aurten, proposamen ugari dakartza. Hasteko, Ikasle Goizean, ‘Hezkuntzarako baliabide digital libreak’ topaketa egongo da hezkuntza komunitaterako: Abaraska fedibertsoa, Luberri eta Txikilinux sistema eragileak, Teks sarearen tokiko hodeia, Ikusgela bideoak, ‘Digitalizazioaren hariak’ proiektua eta Etxepare Lizeoko ikasleen esperientzia. Sortzaile komunitaterako, berriz, euskal plataformak izango dira arratsaldean: 2deo Laborategia (ikus-entzunezkoak), Frontoi (arte biziak), BaleaFunk (podcastak eta musika) eta Memeka (memeak). Eta, eguna amaitzeko, bi sormen lan: Gernika 2037 memoriaren mapa eta Triklatua, trikitiaren eta teklatuaren arteko hibridoa. Abenduaren 9rako, ostera, Game Erauntsia eta Rolariak taldeek Gamer Gela prestatu dute. Bertan, bideo jokoetan jolasteko aukera egongo da; baita Ibai Aizpurua, Eneko Zubiaurre eta Eider Eibar garatzaileen lanak ezagutzekoa eta Atopia, Sherlock Karlista, Rola poltsikoan, Gudamailu, Makina Maixu, Pastorala… rol partidak jokatzekoa ere.
Ez dut galduko...
MICEren kontzertua! Dena ondo badoa, guneetako arduradunok elkarrekin joateko asmoa dugu.

Johana Olabarria - Irudienea
Euskarazko zinema sortzaileek aurkeztuko dituzten lanak ikusi ahal izango dira Irudienean, denetik: film laburrak, fikzioa, websailak, dokumentalak, podcast baten aurkezpena… horietako asko, estreinaldiak. Guztira, 28 emanaldi, Ikasle Goizean lau saio eta ikus-entzunezkoen Euskal Herriko rallyen lehiaketa den DemaS.A. Euskal Herriko beste lehiaketa ugaritan sarituak izan diren lanak ere egongo dira, esaterako, Muga film laburra, Latsariak eta Irati.
Ez dut galduko...
Azokako lan erritmoak tarte askorik uzten ez badigu ere, ingurukoei ematen dizkiedan aholkuak partekatuko ditut: ez galdu Kabi@ko programa, gure egunerokoan oso erabilgarriak diren euskarazko sormen proiektu digitalak ezagutzeko aukera ematen digulako. Ahotsenean, eman aukera hain ezagunak ez direnei eta utzi ateak zabalik musika talde berriei. Saguganbara aukera ezin hobea da euskarazko kultura familiarekin gozatzeko. Aukeratu Szenatokian antzerkiaren bidez bidaiatzeko, irri egiteko edo hausnartzeko momentua. Eta, nola ez, euskarazko literatura eta musika gure egunerokoan egon daitezen, etorri Azokara jarrera irekiarekin!

Arantza Arrazola - Szenatokia
Aurten, Szenatokian, San Agustin kultur gunean, arte eszenikoetako pieza laburren eraskustaldia egingo da. Hortaz, eguerdiko 12:30etik iluntzeko 20:00etara, zuzeneko pieza hauek doan ikusteko aukera egongo da. Hamabi talde izango dira abenduaren 8tik 11ra bitartean. Egunean hiru talde, bakoitzak bizpahiru aldiz antzeztuko du bere ikuskizuna. Guztira, 29 saio lau egunetan, genero guztiak ekarrita: komedia, drama, bertsolariak, umorezko monologoak, musikalak eta pole dance pieza bat. Eskarmentu handiko artisteak (Mikel Martinez edo Badut Teatro, adibidez) zein artista berriek (hala nola Garazi Abraldes edo Alain Lersundi) hartuko dute parte.
Ez dut galduko...
Guneetan gaudenok beti geratzen gara beste guneetan egiten diren ekintzak ikusteko gogoz. Programazioaren gaineko lehen eskuko informazioa dugu, baina aukera gutxi joateko. Nik, aurten, gogo handia daukat Irati pelikula ikusteko, Irudienean, ea posible dudan!

HAINBAT LAGIN

GEPARDO JAPONIARRAK - Lizar Begoña - Susa
Hitzen zoo librea dakar Lizar Begoñaren poema liburuak. Logika egituratuak desafiatuz eta formaren aukerak zukutuz (Palmondoak atzerrian testuak, adibidez, prosa itxura du), mundu garaikidearen testurak bildu ditu, abereak, belar txarrak, Bergman, Brontë, Oteiza, Le Guin eta beste solaskide hartuta.

ATSOA - Víctor Català F Itzultzailea: Miren Itxaso Fernandez Astobiza - Txalaparta
Antologia honek idazleak mende erdian idatzitako hamar ipuin jaso ditu, kronologikoki. Caterina Albert i Paradísek gizon izenez sinatzeko hautua egin zuelarik, pertsonen eta gizartearen itzalak arakatu zituen idazketa askez, baita gizakien patua, bereziki emakumeena, indarkeriaren hari finez eraiki ere.

ESATEN EZ DEN GUZTIAN - Izaskun Etxeberria Zufiaurre - Pamiela
Narrazio bilduma honetan, kultura, hizkuntza eta gizarte maila anitzeko pertsonaien bizipenak jaso dira. Joan-etorrian suertatu dira, biziko badira, eta lanak dituzte inon errotzen. Nonbait atseden emango dien eserleku baten bila, azken ipuinerako maletan eraman eta ekartzen dute beren ondasun guztia, edo bizi puskak.

BETI MUGAN - Ruben Ruiz - Elkar
II. Mundu Gerran, Comète sarea Pirinioetako mugan aritu zen hegazkinlari aliatuei eta beste iheslari batzuei laguntzen. Gertakari historikoetan oinarrituriko kontakizunari beste hari bat gehitu dio egileak: Mattin umezurtz geratu, eta Baztango osabak hartuko du etxean. Osaba kontrabandotik bizi da, eta gaueko lanean sartuko du loba.

HITZEKIN JOLASEAN - Esti Markez - Egilea editore
Bakarkako lehen diskoa aurkeztu du musikari gipuzkoarrak, batik bat pop estiloa landuz sentimenduak adierazteko. Hamar abesti sortu eta hainbat kolaboratzaile sonatu izan ditu ondoan, zein bere eginkizunean: Alaia Martin eta Jon Martin, hitzetan; Eñaut Elorrieta, Ametsez ezin da bizi abestian; Iker Lauroba ekoizpenean...

ERO BOMB - Ama Say - Bonberenea Ekintzak
Bonberenearen 25. urtebetetzea ospatzeko osatu du disko berria Bizkaiko Meatzaldeko taldeak. Kolektiboaren ospakizuna dela diote, “artea engaiatua” izan behar delako, “bizia eta erraietan sortua”. Emozioz beteriko bost abesti, “kaskarkeriari eta etsipenari sormenarekin eta ekintzarekin erantzuteko”.

HAUSKOR - Odolaren Mintzoa - Egilea editore
Rock nahiz pop doinuko zortzi abestik osatzen dute talde usurbildarrak Andoaingo Garate estudioan grabatutako album berria. Barrura begirako hitzak dakartza, eta gizartearen eta norbanakoen zaurgarritasunaz mintzatzen dira kantuak, pertsona hauskorrak izatea ez dela ahultasunaren seinale aldarrikatzeko.

LUR HEZEA - Orbel - Usopop Diskak
Duela hiru urte Hegan lana kaleratu ondoren, talde lapurtarrak zortzi abesti berri bildu ditu disko honetan, musika elektronikoa eta instrumentu tradizionalak uztartuz. Hemen ere, iluntasuna da nagusi, baina laukoteak itzalak baliatu ditu argitasuna eskuratzeko eta intentsitatez betetako kantuak sortzeko.