Irantzu Lekue
Artista eta arte ekintzailea

Maitatzeko artea izeneko proiektua aurkeztu du, berriki, Lekuek (Gasteiz, 1987). Gipuzkoako Itxaropen Telefonoak eskatuta egin du, eta prozesu parte hartzaile batekin biribilduko du. Herritarren partaidetza sustatzen duten hamaika proiektu abiarazi ditu, arte plastikoen hainbat diziplinatan: muralismoa, instalazio artistiko handiak eta eskultura. Jon Rejado. Argazkia: Jon Rejado.

Gizartearen errealitatea bere egiten ez duen arterik irudikatzen al duzu?
Arte mota batzuek artistaren mundua eta kezkak islatzen dituzte. Dena den, uste dut norberaren gogoetan ere badagoela jendartearen gaineko hausnarketa.

Zein da arte sozialaren lekua?
Edozein ekintza kalean egitean publikoa handiagoa da areto batean baino. Kalera aterata, edonork ikus dezake, eta horren gainean hausnartu eta iritzia eman; herritarrengana gerturatuz, gainera, arte elitistaren mugak apurtzen dira. Artea kalera atera behar da.

Azken hamarkadan arte mota gehienak gero eta gehiago atera dira kalera?
Hainbat arlotan, artea kalera ateratzeko mugitzen ari dira: antzerkigintza, arte plastikoak… Horretan aritzen diren jaialdiak daude, gainera. Kulturaren arloan, lan handia egin da publiko zabalagoarengana heltzeko bideetan, eta horretan ari gara gehienok.
Publikoaren parte hartzea eskatzea herritarrak artean hezteko modu bat da?
Herritarrak artelanaren sorkuntza prozesuaren parte izanez gero, beste ikuspuntu batetik begiratuko diote egindakoari. Prozesu parte hartzaileen bidez kalean egindako artelanak aldarrikapen moduan erabiltzen ditugu, arte komunitarioa sortzeko eta eraldaketa soziala bilatzeko.
Herritarren parte hartzea sustatzeko modu horietan sakondu duzu, horma irudien bitartez, adibidez. Muralismoa goraldia bizi izaten ari da?
Halako boom bat gertatu da, bai, kalea nolabait hobetzen duelako eta mezu bat igortzen duelako. Jendearekin beste mota bateko elkarrizketa izateko balio du. Kritikak izan dira goraldi hori dela eta, baina askotariko iritziak egotea beharrezkoa da beti.
Instalazio handiak ere egin dituzu: 8.000 harri Noainen, 10.000 botila Donostian, 6.000 zapata Gasteizen… eta zenbaki bakoitzaren atzean, beste horrenbeste parte hartzaile. Mugarik badago?
Lehenik eta behin, ahal beste parte hartzaile bilatzen ditugu, jendartean asko garelako eta ahalik eta ikuspuntu gehien bildu nahi ditugulako. Horrez gain, areto batean erraldoia dirudien instalazioa kalera eramandakoan txiki gelditzen da. Horrexegatik bilatzen ditugu zenbaki potolo horiek.
Instalazioak egin dituzu, margolanak, eskulturak, argazkigintza, bideoak… Zaila zaizu aukeratzea?
Aldatzea gustatzen zait; bestela aspertu egiten naiz apur bat. Horma irudiak egitea gustuko dut, baina bestelako gauzekin tartekatzea aberasgarria da. Ikasketetan, arlo asko jorratu ditut, eta bata bestearekin uztartzea gogoko dut; aukera asko ditugu gaur egun, denak interesgarriak.
2014ko abenduan, Krea eraikinaren aurrean ekintza artistiko bat egin zenuen proiektu horretarako eta Gasteizko arterako etorkizun oparoa eskatzeko. Bete da eskaria?
Krea Adierazpen Garaikidea aretoa proiektu handia zen, oso polita: askea, artista guztientzat, artearen arlo guztiak lantzeko ederki prestatua. Azkenean, bertan behera geratu zen, eta, eraikinaren kanpoko lorategiak zaindu arren, hesiz itxita egon zen. Gaur egun, diseinuarekin lotutako zerbaiti eskainia dago, behintzat.

DI-DA BATEAN

Zerk alaitzen dizu eguna?
Poztasuna ikusteak eta inguruko xehetasun txikiez ohartzeak.
Eta tristatu?
Eguraldi grisak eta etengabeko kexak.
Zerk eragiten dizu barrea?
Tontakeriek.
Eta negarra?
Hemen ez daudenak gogoratzeak.
Zerk haserrearazten zaitu?
Injustiziak.
Bizio bat?
Erretzea.
Plazer txiki bat?
Txokolatea, irakurtzea...
Zer izan nahi zenuen txikitan?
Artista, sortzailea.
Eta orain zer izan nahi duzu?
Artista, baina leku ezberdinak ezagutuz.
Non egin nahiko zenuke instalazioa bat?

Gasteizko Foru Plazan; Txillidaren lana izateaz gain, goitik ikusteko aukera emango luke.
Zeren gainean egingo zenuke horma irudi bat?

Lurrean egiteko aukera proposatu didate; interesgarria da ikuspuntua aldatzea.
Eta zer margotuko zenuke?
Zerbait abstraktua, pentsatu egin beharko nuke.
Zer litzateke arterik gabeko mundua?
Emozioei lekurik egiten ez dien mundu tristea.