Baliagarria al da telemedikuntza animaliek albaitaritza arreta hobea izan dezaten? Horixe aztertuko dute Kaliforniako Davis Unibertsitateko (UC Davis) Animalien Ongizaterako Epidemiologia Laborategiko ikertzaileek. Zehazki, katuei erreparatuko diete, maskota horiek osasun arreta eskasagoa jasotzen dutela uste dutelako, txakurrekin alderatuta, behintzat. Zientzialarien iritziz, telemedikuntza aukera ona izan daiteke jabeek hain ohikoak ez diren zalantzak galdetu eta maskotei jarraipen hobea egiteko, ebakuntza kirurgikoen osteko azterketetan, adibidez. Ikertzaile taldeak inkesta ireki baten bidez egingo du azterketa, eta horregatik eskatu diete laguntza katuen jabeei, maskoten zaintzari edo premiei buruz hizketan, beren esperientzia konta dezaten. Guztira, 1.200 eta 2.000 testigantza artean bildu nahi dituzte, eta, epeak betez gero, ikerketaren emaitzak urtebete barru argitaratzea espero dute. Gustatuko ote zaie katuei albaitaria pantailaz bestalde ikustea?