Iragan azaroaren 15ean, 8.000 milioi biztanleren langa gainditu zuen munduak, NBE Nazio Batuen Erakundeak jakinarazi duenez. NBEren aurreikuspenen arabera, 2030ean 8.500 milioi biztanle izango ditu munduak, 2050ean, 9.700 milioi, eta 2080an 10.400 milioi baino gehiago. Nolanahi ere, 1950etik hazkunde erritmoa apaltzen ari dela jakinarazi du NBEk, eta aurrerantzean ere horrela jarraituko duela. Bestelako aurreikuspenak ere egin ditu. Esaterako, Indiak aurki gaindituko duela egun munduko herrialde jendetsuena dena, Txina, hain zuzen ere, ustez datorren urtean. Munduko populazioaren hazkundearen arrazoi nagusia osasun arloan izandako aurrerapenak dira, NBEk azaldu duenez. Halaber, hazkunde demografikoaren erronkak nabarmendu ditu. Esaterako, munduko herrialdeen arteko desberdintasunak areagotzen ari direla, horrek dakartzan arazo guztiak bezalaxe. Bizi itxaropenari dagokionez, herrialde aberats eta pobreen arteko aldea, kasu.