Jon Ander Urresti aktore bermeotarrak irabazi du Durangoko Azokako V. Sormen Beka, Eucalyptus izeneko proiektuarekin. Lana 2023ko Azokan aurkeztu beharko du, eta, horretarako, 15.000 euroko laguntza jasoko du. Urrestik sortuko duen laneko protagonistak eukaliptoak izango dira. Eukaliptoa aitzakia gisa hartuta, “gure lurren eta bizitzen kudeaketari buruz” hausnartuko du. Eukaliptoa eta haren hedatzea metafora moduan erabiliz, gaur egun bizi-bizirik diren hainbat gairen gaineko gogoeta egingo du: monolaborantza, faxismoa, gizartearen egungo kezkak eta erronkak... Beka banatzeko epaimahaiak nabarmendu duenez, “proiektuak, lehenengo kolpean, ezustea, ezinegona eta harridura sortu zigun, eta planteamenduak guregan sortu duen mugimendu hori publikoarengan ere sor lezakeelakoan gaude. Funtsean, gaiaren originaltasunak arrastoa utzi digu”. Azken emaitza, urtebete barru izanen da ikusgai.

Txalok eta Tentazioak estreinaldi bana urtea hasteko

Ez naiz inoiz Dublinen egon eta Hobe ixilik! antzezlanak estreinatuko dituzte urtarrilean, hurrenez hurren, Tentazioa Produkzioak eta Txalo Produkzioak konpainiek. Lehenengoaren estreinaldia, urtarrilaren 6an Donostian. Markos Goikoleak idatzi eta Mireia Gabilondok zuzendutako lana “besteen bizipen eta sinesmenen onarpenari buruzko komedia garratza da, eta Iñigo Aranburu, Aitziber Garmendia, Iñigo Azpitarte eta Mireia Gabilondo bera ditu aktore. Txalo konpainiaren Hobe ixilik! ere komedia da, eta emakume baten eta gizon baten arteko solasaldia du oinarri. Itziar Ituño eta Ramon Agirre ditu protagonista Salome Lelouchen lanak. Agirrek itzuli du, eta Begoña Bilbaok zuzendu. Hondarribian aurkeztuko dute urtarrilaren 13an, eta hil berean herri hauetan ikusi ahal izango da: 14an, Berrizen; 15ean, Villabonan; 20an, Ordizian; eta 26tik 29ra, Donostian.

ZUBEROAKO MASKARADAK abiatzear dira, eta egutegia prest dute. Aurten, Maule-Lextarreko gazteek eskainiko dute dantza eta antzerkia nahasten dituen inauteri ikuskaria. Zehazki, urtarrilaren 15ean Maule-Lextarren (Lextarren); 22an, Atharratzen; 29an, Pagolan; otsailaren 5ean, Mendikotan; 11n, Gameren; 19an, Ürrüstoin; 25ean, Altzürükün; martxoaren 4an, Muskildin; 11n, Idauze Mendin; 19an, Zalgizen; 26an, Urdiñarben; apirilaren 2an, Larrainen; 9an, Barkoxen; 16an, Sohütan (Hokin); eta 22an, Maule-Lextarren (Maulen). Ohi bezala, goizez barrikadak eskainiko dituzte, eta bazkalostean emanaldi nagusiak edo ofizioak.

IAZ, Oñatiko hitanoa ikasteko Appa Hi! aplikazioa sortu zuen Badihardugu euskara elkarteak Codesyntax enpresarekin elkarlanean, eta, izandako arrakasta ikusita, orain euskara batuari egokitutako bertsioa sortu dute. Jatorrizkoak bezala, bost asteko ikaskuntza prozesua eskaintzen du aplikazioak, egunero pilula bat emanda azalpen, marrazki, bideo eta adibideekin. Ondoren, azalpenei lotutako galdera sorta erantzun behar da, jolas moduan, eta, asmatuz gero, hurrengo egunean beste pilula bat jaso ahal izango du erabiltzaileak. Android eta iOS gailuetan erabil daiteke Appa Hi!

JADA ESKURAGARRI dago Android gailu mugikorretarako nahiz PC ordenagailuetarako Barraka, Zomorro Studio taldeko Ibai Aizpurua irundarrak garatutako euskarazko jokoa. Iaz, Durangoko Azokako IV. Sormen Beka irabazi zuen Aizpuruak, eta aurtengo Azokan aurkeztu du jokoa. Publiko ororentzako puzzle eta abentura jokoa da, eta Ainhoa gaztea du protagonista, festarik festa barraketan ibiltzen dena. Zomorro Studioren Itch.io webgunean edo Play Store saltokian deskarga daiteke Barraka.

DONOSTIAKO ZINEMALDIAREN artxiboa sarean ipini dute, https://artxiboa.sansebastianfestival.com/eu/ gunean. Zinemaldiaren 70. urteurrenaren karietara garatutako proiektua da; duela lau urte jarri zuen abian Zinemaldiak, Elías Querejeta Zine Eskolarekin batera. Jaialdiak 70 urteotan bildutako 4.000 agiri baino gehiago biltzen ditu: Zinemaldiaren eta Kutxatekaren 3.000 argazki baino gehiago, ia edizio guztietako 350 kartel inguru, eta abar.