Itsaso Baltikoaren ertzean kokatuta, eraikuntza modernoak, diseinu dendak, saunak, leku historikoak, irletara itsasontziz joateko txangoak, kafetegietako terrazak iluntzean, hori guztia eta gehiago da Helsinki, pentsamolde berdea duena. Juan Luis Mugertza. Argazkia: Juan Luis Mugertza.

Finlandiak bost milioi eta erdi biztanle baino ez ditu, nahiz eta Europako seigarren herrialderik handiena den. San Petersburgotik (Errusia) 200 bat kilometrora dago, eta Suedia eta Norvegia ditu mugakide. Lehen, Suediaren parte zen. Egun, Europar Batasuneko kidea da, eta laster NATOn sartzeko asmoa jakinarazi dio Sauli Niinistö Finlandiako presidenteak Vladimir Putini. Finlandia, XIX. mendearen hasieratik, Errusia tsaristaren parte izan zen, 1917ko abenduaren 6an independentzia lortu arte. Helsinkiri Baltikoko “errusiar alaba” esaten diote, baina ez dakit gaur egun, Ukrainako gerra dela eta, baten batek horretarako gogorik izango duen. Halarik ere, ezin uka errusiarrek Finlandiako hiriburuan utzitako arrastoak (kaleen izenak, hizkuntza, Uspenski katedral ortodoxoa...) oso nabarmenak direla.
Finlandiako hiriburuaren esentzia dastatzeko, onena oinez ibiltzea da, edota Europan biztanleko kilometro gehien dituzten bidegorrietan pedalei eragitea. Horrela, sasoi bateko giroa sentitu, kaleetako galtzada harriak zapaldu, eta arkitekturaz, lorategi ederrez eta naturaz gozatzeko aukera paregabea izango duzu.
Hasteko, kaia eta inguruneak dira, zalantzarik gabe, jendearen topagunerik gogokoenak. Izan ere, Uspenski katedral ortodoxoa, Skywheel noria erraldoia eta merkatu plaza, itsasoari begira dagoena, elkarren ondoan daude. Merkatua oso leku egokia da elur oreina, izokina edo inguruko bestelako plater tipiko batzuk jateko, XVIII. mendean suediarrek ekarritako kafea ahaztu gabe. Dirudienez, finlandiarrak munduko bigarren kafe kontsumitzailerik handienak dira. Tallinera, Stockholmera edota San Petersburgora joateko zama ontziak eta belaontziak merkatu plazan (Kauppatorin-en) daude, baita Suomenlinna uhartera tarte laburrean eramaten zaituen ferrya ere: 15 minutu irauten du bidaiak eta maiatzetik irailera funtzionatzen du. Irla honetan, XVIII. mendearen bigarren erdian, suediarrek gotorleku bat egin zuten.
Hiriak ere bizitza kultural bizia du, non Finlandiako Antzoki Nazionala nabarmentzen den. Europako zaharrenetakoa, tren geltoki ederretik eta haren museo bikainetik hurbil dago. Gora eta behera ibili eta gero nekatuta bazaude eta atseden hartzeko gogoa baduzu, ezin ahaztu Finlandian hiru milioi sauna inguru daudela eta, 12 euro ordainduta, igerilekuetan eta saunetan erlaxatzeko aukera izango duzula.

NATUR PARAJE EDERRAK
Txorizalea baldin bazara, hiriburutik oso hurbil hiru natur paraje eder dituzu: Laajalahti, Viikki-Vanhankaupunginlahti eta Suomenoja Bird Pond erreserba naturalak. Hirurak oso ondo kokatuta daude bai autobusez bai metroz iristeko. Laajalahti ur zabalez osatuta dago, eta Helsinki-Espoo-Vantaa metropoli barruko hezegunerik onenetakoa da. Hango eremua txitaldi sasoian oso garrantzitsua da espezie ugarirentzat, baita udaberriko eta udazkeneko migrazioetan bertan gelditzen diren milaka hegaztientzat ere. Erreserba barruko bidexkek eta hegaztiak behatzeko dorreek parada oso ona ematen dute espezie preziatuak ikusteko, buztanikara zitrinoa, txenada mokogorria eta branta musuzuria, besteak beste.
Viikki-Vanhankaupunginlahti erreserba naturala badia baten inguruan hedatzen da, Vantaa ibaiaren bokalean, lezkadiz inguratuta. 110 espezie ugaltzen dira bertan, eta, urte batzuetan, 10.000 borrokalari eta kuliska pikarta baino gehiago bertaratu izan dira.
Suomenoja Bird Pond, aurreko biak baino nabarmen txikiagoa bada ere, Finlandiako hegazti migratzaile askok habia egiteko gune garrantzitsua da, Finlandiako antxeta mokogorrien bigarren kolonia, esaterako, hantxe dago eta. Harrigarria da hainbat hegazti eta espezieren halako kopuru handia zentral erraldoi baten ondoan eta metro geltoki batetik kilometro batera egotea. Gainera, bertako urmaela ez da uste bezain naturala; gizakiak egina da, eta, garai batean, hondakin organikoak botatzeko erabiltzen zen. Bisitatzeko modurik onena putzua oinez inguratzea da. Bidean, udaberritik udazkenera, inguruko hegaztien gaineko informazio taulak aurkituko dituzu, eta atseden hartzeko eserleku batzuk eta behatzeko bi dorre ere badaude. Erreserba honetan, Viikkin eta Laajalahtin ez bezala, txoriak bertatik bertara ikus daitezke. Hori dela eta, oso helmuga preziatua da argazkilarientzat, batez ere udaberrian, bertan ugaldu ohi diren 6 edo 8 txilinporta urre belarri bikoteen irudi ezin hobeak atzemateko. Hala ere, hegaztizalea bazara eta duda-mudako espezie arraro batzuk ondo bereizi nahi badituzu, prismatikoak eramatea komeni.
Hiritik gertu horrelako naturaguneak egoteak hiriko biztanleek naturaz gozatu ahal izatea ahalbidetzen badu ere, ezin utzi aipatzeke inguruan urtetik urtera hazten ari diren auzoek eremuaren kontserbazioari ekarritako kaltea.